Zirrikituetatik begira

Bero

Juanra Madariaga - Domingo, 19 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

EGUN eguzkitsuaren ostean, arratsaldeko lasaitasuna etorri zen, eta geroago, gaueko isiltasuna. Epel argitu zen eguna ondo gozaturik probestu genuelakoan ohera joan ginen. Gau minean baina, gutxitan ikusi dudan haize ufadak balkoiko leihoa bortizki zabaldu eta dena lurretik barreiatzen hasi ziren. Beheko kalean dauden tabernetako mahaiak eta aulkiak, arima propioa balute bezala kalean barna barreiatzen hasi ziren plastikozko zaldi txikien moduan, trostan. Haize zirimolek dena nahasten zuten, eta euriarekin batera, bikote mehatxagarria osatzen zen gure begien aurrean, naturak duen energia agortezina eta neurribakoa nolakoa den adierazi nahi balu bezala. Halakoak egunero ikusten ditugu telebistan. Mediterraneo aldean ekaitz bortitzek udatiar askoren planak zapuztu dituzte, uholde, tximista, kazkabar eta euri jasa itzelak antolatuz.

Askok hala esaten dute, aspalditik ez dituztela horrelakoak ikusi, eta maiz hala dela pentsatzen dugu. Eta berehalakoan burura etortzen zaigu batzuek onartu nahi ez duten aldaketa klimatikoaren kontua.

Hemen bezala, munduko beste bazter askotan muturreko egoera klimatikoak eman dira urte honetan;toki batzuetan gainera nekez sinets daitezkeenak, surrealista li-tzakeen egoera batekoak direnak.

Hala, Kanada aldean, lehorte eta sute oso larriak gertatu dira;eta tenperaturaren aldetik Alaskan gauza bera esan daiteke: inoizkorik altuena topatu da. Kezka berarekin hartu dituzte Artikoari dagozkion datuak;han ere ohikoak ez diren graduak atzeman dituzte. Urterik beroenetako ba-tzuk ere izan dira Zeelanda Berrian, Mexikon, Australian, Pakistanen, bai eta Europan ere. Badirudi orain arteko urterik beroenetan hirugarrena izan dela iazkoa, eta 2015 eta 2016 ere oso beroak izan ziren. Guztira gradu bat igo da munduko tenperatura globala.

Izerdi gehiago bota beharko dugu hemendik aurrera herrialde boteretsuek larritzat har daitekeen arazoari behar bezala heltzen ez badiote. Arduratsu jokatu beharko dute, baina nork bere ekimen txikia egin behako du mundua salbatuko bada.