Lapurretak eta delitu sexistak gora egin dute

Delitu kopuruak behera egin du Donostiako Aste Nagusian

Lapurretak eta delitu sexistak gora egin dute, eta etxebizitzetan eginiko lapurretak eta indarkeriazkoak jaitsi egin dira

Donostiako Aste Nagusian zehar salatutako delituen kopuruak zerbait behera egin du iazko datuekin alderatuz gero, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak elkarrekin egindako datuen balantzearen arabera. Guztira 504 salaketa jaso dira, iaz 510 izan ziren.

DEIA.EUS - Martes, 21 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 13:42h.

DONOSTIA. Segurtasun indarrek elkarrekin zenbatutako datuen arabera aurten 46 lagun atxilotu dituzte, iazko Aste Nagusian baino 10 gutxiago, eta horietatik 7 izaera sexista delituengatik. Beste 17 lagun ikertzen ari dira gainera, salatutako delituzko ekintzetan ustezko parte-hartzea dela-eta. Iaz sexu eraso bakarra salatu zen, aurten 2 izan dira. Aldiz, aurtengo Aste Nasgusian sexu askatasunaren aurkako delituak 5 izan dira guztira, 2017. urtean bat bera ere ez zen izan. Gertaera hauek direla-eta, segurtasun operatibo bereziek 7 lagun atxilotu dituzte, 3 erasoengatik, 4 gehiegikeriengatik. Lapurretak izan dira delitu nabarmenenak bildutako datuen arabera, iazkoekin alderatuta gora egin dutelarik, 340 lapurreta izan ziren iaz, 356 guztira aurten. Aldiz etxebizitzetan egindako lapurretak jaitsi egin dira, 13tik 2ra. Hiritarren artean kezka eta ardura eragiten dituen delituak direlarik. Indarkeriaz eta bortxaz egindako lapurretek ere behera egin dute, 17 salatu dira guztira, 2017an baino 12 gutxiago. Bizikleten kasuan ere behera egin dute, 20tik 12ra.

Polizia operatiboa

Donostiako Udaleko Herri Segurtasuneko eta Herri Babeseko zinegotzi, Martin Ibabek 2018ko datuen balantzean jasotakoa aztertuta, segurtasun adierazleak hobetzen jarraitzeko lanean dihardutea beharrezkoa dela azpimarratu du. “Udaltzaingoa, Ertzaintza, Babes Zibila eta Suhiltzaileen operatiboa modu eraginkorrean eta koordinatuan aritu da aldiro” eta segurtasuna bermatzeko “datozen urteetako emaitzak hobetzeko lanean jarraituko dugu, hori da gure xedea”. Ibabek azpimarratu du, aipagarriak diren hainbat adierazle –esaterako, etxe barruko lapurretak edo eraso fisikoak- iazkoekin alderatuta hobetu egin dira, beste batzuk ordea –eraso sexistak edo lapurretak- gora egin dute. Azken horietan egindako atxiloketak nabarmenak izan direlarik “horrek adierazten duena zera da, segurtasun indarrek erne jarraitzen dutela onartezinak diren egoera hauen aurrean”. “Segurtasuna bermatzeko, arduradunek datuak aztertu eta gogoeta egin behar dugu etorkizunean horrelakoak ekiditeko eta poliziaren zeregina eraginkorragoa izateko neurriak hartuz”.