Brankaganetik kikuke

Ekinaren saria

Ramon Basaldua - Miércoles, 22 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

ETAPA barri bateri ekin deutso Athleticek Eduardo Berizzoren eskutik eta, jakina, hasikerak ez dira inoiz errezak izaten. Entrenatzaile argentinarrak argi eta garbi dauka zelan jokatu gura dauen eta zein dan ondo jokatzeko eta partiduak irabazteko jarraitu beharreko bidea. Arlo tekniko-taktikoen ganetik, Berizzok garrantzi handia emoten deutso jokalariek zelaian erakutsi behar daben jarrereari, amorruz jokatzea gura dau-eta. Ligako lehen partiduan jokalarien ekinak emon eutson garaipena Athletici. Talde zuri-gorriak ez eban ondo jokatu, bigarren zatian batez be, baina ez eban inoiz amore emon eta zale asko etxerako bidea hartuta egozala lortu eban garaipenaren gola. Gauza asko dagoz hobetzeko -normala dan moduan- erasoan zein defentsan, baina ukaezina da hiru puntuen laguntzeagaz errezagoa dala Lezaman lanean jarraitzea.

Athletic barria ikusteko gogoz joan ginan San Mamesera. Athletic zale guztiok disfrutatzeko gogo itzela daukagu aurreko denboraldian katedralean sufridu bakarrik egin ostean. Aurrealdean kenduta, Berizzok aldaketa nabarmenak egin ditu taldean. Lau debutari izan genduzan hasierako hamaikakoan: Unai Simon, Nolaskoain, Dani Garcia eta Yuri Berchiche eta lauren errendimendua ona izan zan. Partidua hasteagaz batera garbi geratu zan zelan jokatu gura dauen Eduardo Berizzoren Athleticek. Zuri-gorriek baloiaren jabetzea euki gura dabe, protagonista izan gura dabe, baloia galdu ostean lehenbailehen berreskuratu gura dabe eta hori guztia erritmo bizian. Erritmo horretan garrantzitsua bezain gatxa da baloia ondo ikutzea.

Baloia ikutu eta ikutu ibili arren zuri-gorriak ez ziran gauza izan Leganesek bedartzan jarritako hesia gainditzeko. Athletic ezinean ibili zan aurkariaren atean arriskua sortzeko eta arazo hori aspaldiko kontua da San Mamesen. Williamsek ez eban minik egin ezker hegaletik eta Adurizek ia ez eban baloirik ikutu lehen zati osoan. Unai Lopezen eta Muniainen ahaleginak ez eban minik egin Leganesen lerroetan. Pase gehiegi ezkerretik eskumara eta eskumatik ezkerrera baina bertikaltasun barik. Peru Nolaskoain debutariaren golaren ostean partidua erabagita izteko aukera bikaina euki eban Athleticek baina Williamsek ez eban asmatu aurkariaren ate aurrean, partiduko jokaldi onenean.

Kontuak kontu, Athleticek hasiera ona emon deutso denboraldiari baina garbi geratu da zuri-gorriek gauza asko hobetu behar dabezala. Entrenatzaileak argi eta garbi itzi dau zelan jokatu gura dauen. Gauzak ondo egin ezkero partidu handiak ikusiko doguz San Mamesen baina horretarako entrenatzaileak agindutakoa ondo bete behar da. Erasoan zorroztasun gehiago behar da. Defenditzeko orduan, zuri-gorriak sendoago agertu behar dira. Adibidez, Leganesek errezegi lortu eban bardinketaren gola.

Debutariei jagokenez, Unai Simonek ondo bete eban bere lana. Yuri Berchiche gogotsu ibili zan baina Leganesen aurka erakutsi ebana baino askoz gehiago emon leike ezker hegal horretatik. Dani Garciak, danok itxaroten genduan lan ona egin eban zelai erdian, Unai Lopez eta Muniainen atzetik. Peru Nolaskoain jokalari ona da baina bere etorkizuna ez dago atzealdean. Zelai erdian ikusi gurako neuke.

Berizzoren Athletic bide luze baten hasieran dago eta argiak eta ilunak izango ditu. Hori bai, Leganesen aurkako partiduan garbi geratu zan proiektu honek ilusinoa biztu dauela zaleen artean, aspaldiko girorik beroena egon zan-eta.

Secciones