Espainiako urteko zinemaren erakusgarria

Hamaika ekoizpen osatuko dute Made in Spain sailaren programazioa

Zinemaldiaren 66. edizioa. (Donostia Zinemaldia)

Daniel Calparsoro, Isabel Coixet, Álex de la Iglesia, Ramón Salazar eta David Trueba zuzendarien lanak aurkeztuko dira besteak beste

Made in Spain Espainiako urteko zinemaren erakusgarri bat da. Zinemaldiak plataforma bat eskaintzen dio bertako zinemagintzari nazioartean ezagutzera emateko asmoz, eta aurten hamaika ekoizpen sartu dira sailaren aukeran. Horietatik bost zuzendarien lehenengo film luzeak dira, baina beste bost zuzendarik –Daniel Calparsoro, Isabel Coixet, Álex de la Iglesia, Ramón Salazar eta David Trueba– ibilbide luzea egin dute lanbidean.

Deia - Jueves, 23 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 14:16h.

DONOSTIA. Zinemaldian aurkeztuko da, gainera, Sergio Oksman brasildarrak zuzendutako Querido Fotogramas dokumentala. Sergio Oksman Ikusmira Berriak egonaldi-programako aditu-batzordearen kideetako bat da. Querido Fotogramas filmean, aldizkari mitikoaren 70 urteko historian zeharko ibilbidea egingo dute aldizkariaren erredakzioarekin lotutako zuzendari, antzezle, kazetari eta kritikari batzuek.

Opera primen artean daude Mi querida cofradía, Marta Díaz de Lope Díaz (Ronda, Malaga, 1988) zuzendariarena, Malagako zinema-jaialdian antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Biznaga (Carmen Flores) eta Publikoaren Saria irabazi zituen filma, eta I Hate New York, Gustavo Sánchez (Úbeda, Jaen, 1978) kazetari eta zuzendariarena, Bayona anaiek ekoitzia.

Sailaren aukeran sartu dira, halaber, Diana Toucedo (Pontevedra, 1982) eta Elena Trapé (Bartzelona, 1976). Lehenak Berlinaleko Panorama sailean estreinatutako Trinta lumes / Thirty Souls lanarekin egin du fikzioko film luzeen alorrean debuta;aurrez, hamasei film luzetan muntatzaile izan zen eta En todas as mans ez-fikzioko film luzea zuzendu zuen. Bigarrenak Les distàncies aurkeztuko du, Malagan Espainiako film onenaren Urrezko Biznaga eta zuzendaritza eta emakumezko aktore onenaren (Alexandra Jiménez) Zilarrezko Biznagak irabazi dituen filma. Trapéren lehenengo filma, Blog, Zinemaldiko Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean aukeratu zuten duela zortzi urte, eta RTVE-Beste Begirada sariaren aipamen berezia jaso zuen.

Zortzi filmetan muntatzaile izan eta, aldi berean, zinemaren pedagogiari buruzko Cine en curs proiektuan parte hartu ondoren –iaztik Donostiara ekarri da programa hori (Zinema (h)abian), Tabakaleraren eta Elías Querejeta Zine Eskolaren bitartez– bere lehenengo film luzea, Con el viento / Amb el vent, zuzendu du Meritxell Colellek (Bartzelona, 1983). Cinéfondationek aukeratutako proiektuetako bat izan zen eta Berlinaleko Forum sailean izan zuen estreinaldia. Bigarren film luzea, Dúo, egiteko proiektuarekin Zinemaldiaren Europa-Latinoamerika Foroan ere parte hartuko du Colellek.

Ibilbide luzeko zuzendarien filmen artean, honako hauek aipa daitezke: El aviso, Zinemaldian ez ezik Cannesen, Berlinen eta Venezian ere filmak aurkeztu dituen Daniel Calparsororen (Bartzelona, 1968) azken lana; The Bookshop (La librería), Isabel Coixetena (Bartzelona, 1960), aurten film, zuzendari eta egokitutako gidoi onenaren Goya sariak irabazi dituena; Perfectos desconocidos, Álex de la Iglesia (Bilbo, 1965) zinemagileak dakarren azken proposamena, Zinemaldiaren Sail Ofizialean hainbatetan parte hartu eta gero –La comunidad (Zilarrezko Maskorra Carmen Maurarentzat), Las brujas de Zugarramurdi eta Mi gran noche–; La enfermedad del domingo, Ramón Salazarrena (Malaga, 1973), Berlinaleko Panorama sailean lehiatu den filma;eta Casi 40, David Truebak (Madrid, 1969) egindako lehenengo film luzearen, La buena vida-ren, bigarren zatia. Azken lan honekin, Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Truebak Malagan. Haren aurreko fikzio-filma, Vivir con los ojos cerrados, Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiatu zen eta sei Goya sari irabazi zituen;besteak beste, film onenarena.

Secciones