Zirrikituetatik begira

Benetako ausardia

Karmele Jaio - Viernes, 24 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

bILBOKO Aste Nagusian gazte bati grabatutako bideoa ikusi dut. Baietz salto egin, esaten die lagunei, ibaira begira. Gaua da, jai giroan murgildutako Bilboko argiak islatzen dira han behean, uretan. Gazteak burdinezko barandari heltzen dio eskuarekin haren altuera neurtzeko, eta halako batean, arropa guztiak erantsi eta salto egiten du. Salto arriskutsua da, izan ere, barandaren kontra jotzen du haren gorputz biluziak eta txilibuelta osoa ematen du uretara jausi aurretik. Min hartu duela ematen du (zortea izan du hala ere) baina ziurrenez uretatik irribarrez aterako da, bere ausardiaz harro.

Bilbon gertatu da baita ere. Gizon batek bi emakume nagusi erasotu ditu portale batean baten lepokoa lapurtzeko. Hori ere bideoz grabatuta geratu da. Halako batean gizonak teinka egiten dio andreetako bati lepokotik, lepokoa lurrera jausten zaio, eta hartzeko makurtzen denean, bigarren andrea haren gainera jaurtitzen da, bitan pentsatu gabe aurre egiten dio gizon gazteari. Gizonak bortizki kentzen ditu bi andreak gainetik eta korrika irteten da.

Edozer gauzari deitzen zaio ausardia. Nik bi adibide hauen aurrean argi daukat zein den benetako ausardia eta zein den arduragabetasuna. Lapurrari aurre egiten dion andreak, jakin gabe, ausardiaren adibide bat eskaini digu;ibaira salto egin duen gazteak aldiz, zerbait erakutsi badigu, maskulinitate eredu konkretu batek oraindik duen indarra izan da, besterik ez. Baietz salto egin. Batek besteei bere ausardia erakusteko egiten du salto;andreak, aldiz, bere lagunarena den lepokoa berreskuratzeko.

Bi adibide baino ez dira, baina munduan gertatzen diren hainbat ekintza neurtzeko balio digute. Ausardia deitzen diogu gauez biluzik ibaira salto egiteari, baina askoz ausartagoa da gerran eta pobrezian murgilduta dagoen zure herria utzi, ahal bezala milaka kilometro egin, eta Bilboko Aste Nagusian ondo pasatzen ari direnei, ibaira salto egiten dutenei barne, eskumuturrekoak eta eguzkitako betaurrekoak saltzen ibiltzea da. Adibidez.