Zirrikituetatik begira

Aldaketaren Gobernua

Juanjo Olasagarre - Sábado, 25 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

erdibiturik nago. Askotan bezala, bestalde. Autokudeaketan sinesten dut, are gehiago, gazteen autokudeaketa baldin bada. Zentzu horretan, gazteagoa nintzelako, askotan joaten nintzen Iruñeko Jai Alai frontoia izan zen gaztetxera bazkaltzera. Jatetxean lorturiko diruarekin gauzak antolatzen zituzten, lanpostuak sortu, erakundetzea sustatu eta abar. Dakizuen bezala, Barcinak bota eta Aqua Box delako horterada ikaragarria eraiki zuen noiz eta gerora Madrilen Jai Alai deituriko frontoia berritzen ari direnean.

Rozalejo Jauregia betidanik izan dut hor alboan. Iluna zen, Rozalejo jauregia zela ere ez nekien, eta laurogei hamarkadatik, gutxienez, du horren hondamendi itxura. Okupatu zutenetik seguru itxura hobea duela, eta seguru gaurko gazteek gauza ederrak egin dituztela bai jauregian bai jauregiarekin, autokudeaketa ikasi, besteak beste. Alde horretatik onuragarria iruditzen zait sistemari, gobernua ere sistema da, halako arrakala bat eragitea, gobernuaren erabakiak “ezkerrerago” ekarrarazteko. Baina gauzek testuingurua dute, eta Nafarroako Gobernuaren oreka oso ezegonkorra da. Niretako hondamendirik handiena UPNren itzulera izango litzateke. 25 urte inguru jasan ditut, eta Patxi Zabaletak ongi izendatu moduan, erregimena osatu zuten, horrek esan nahi duen pentsamendu bakar, Nafarroa euskaldunaren ukazio, bezerokeria eta manera txarrekin.

Hauteskundeak hortxe daude eta Nafarroan gobernuaren aldaketaren beste bertsio bat egiteko Maravillasen okupazioak Ezker Abertzalea eta Geroa Bairen artean sortzen dituen narritadurez gain, Podemos-Ahal dugu-ren baitako gatazkak daude, eta Ezker Batuaren euskararekiko, esan dezagun horrela, eskuzabaltasun exkaxa. Niri asko molestatzen naute EAEko Ezker Abertzaletik egiten diren irakurketak, zeinak ez baitute kontuan hartzen Nafarroa ez dela EAE, Nafarroan euskararen izatea bera aldarrikatzea nekeza dela, esaterako;baina asko molestatuko ninduke baita ere Geroa Bai-k EAEko gobernuaren bertsioa imitatuz PSN gobernu kidea hartzea. PSN ez da PSOE;PSN UPNren makulua izan da urtetan, eta ez da fidatzekoa, ez da inoiz izan. Nafarroatik eta Nafarroarendako, horixe iruditzen zait gakoa.