irailaren 22an

2.660 pertsona onartu dira Udaltzaingorako sarbide-probetan

Sarbide-probak eta hautaketa-probak Bilbao Exhibition Centerreko instalazioetan egingo dira

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Udaltzaingorako sarbide-probak eta hautaketa-probak Bilbao Exhibition Centerreko instalazioetan egingo dira irailaren 22an, larunbata. Horixe jakinarazi du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari Malentxo Arruabarrenak gaur bertan onartuen behin-behineko zerrendarekin batera argitaratu duen ebazpenean. Hautaketa-prozesuan, 2.660 pertsona (1.979 gizon eta 681 emakume) onartu dira guztira. 

EUROPA PRESS - Sábado, 25 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 18:20h.

BILBO. Bigarren LEP bateratu horretan onartutako pertsonek plaza bat lortu nahi dute;hain zuzen, EAE-ko 26 udalerrik Udaltzaingoko oinarrizko eskalako agenteei dagokienez dituzten premiei erantzuteko eskaini dituzten 226 plazetako bat. Eskainitako plazen artean, hiru euskal hiriburuetakoak daude lehen aldiz (110 Bilbon, 28 Gasteizen eta 8 Donostian). 

Plaza horiei honako udalerri hauetakoak gaineratu behar zaizkie: Portugalete (12), Sestao (9), Barakaldo (8), Santurtzi (6), Eibar (5), Bergara (4), Plentzia (3), Zumaia (3), Elgoibar (3), Gernika (3), Erandio (2), Mungia (2), Berango (2), Abanto-Zierbena (2), Zornotza (2), Amurrio (1), Legazpi (1), Balmaseda (1), Beasain (1), Basauri (1), Ordizia (2), Pasaia (3) eta Ermua (4). 

Udaltzaingoko 226 plazetako bat lortu nahi duten pertsonek ezagutza teorikoei buruzko probak egingo dituzte lehenik eta behin; gaitasunak ebaluatzeko lau ariketaz osatuta egongo den proba psikoteknikoa egingo dute ondoren, eta nortasuna ebaluatzeko beste proba bat geroago. Proba horien emaitzak ezagutu ondoren, fase hori gainditzen duten pertsonek proba fisikoak egin beharko dituzte urritik aurrera. 

Oposizio-lehiaketaren atalean, Udaltzaingoko gorputzetan egindako zerbitzuak baloratuko dira. Euskaraz jakitea meritu gisa baloratuko zaie lortu nahi duten plazarako eskatutakoa baino hizkuntza-eskakizun handiagoa egiaztatu duten pertsonei, Herrizaingo Sailetik jakitera eman dutenez. 

Hautaketa-prozesua amaitu ondoren, Udaltzaingoko oinarrizko eskalako agente izan nahi duten pertsonek zazpi hilabeteko prestakuntzaldia hasiko dute Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, 2019ko urtarrilean. Ondoren, gutxienez 12 hilabeteko iraupena izango duen praktikaldi bat hasiko dute.