Zirrikituetatik begira

Bideak

Juanra Madariaga - Domingo, 26 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

bIDE luzea da bizitza. Luzea den hein berean, laburra ere bada. Eta zabala, esango du besteren batek. Lekuz leku hartzen dugun arnasak betetzen du bide hori, eta oinez korrituriko guztiak osatzen du gure ibilbidearen marra. Atzera eginez gero, kontu asko, irudi asko, eszena asko etortzen zaizkigu gomutara, batzuk berriz errepikatuko ditugunak, beste batzuk, ostera, deskubritzeke egongo direnak.

Ipurterreagoak direnek ametsak dituzte bueltaka burmuinean, hurrengo pasua non eman hausnartuz, “non gogoa han zangoa”-ren leloaren zentzua ulertu nahiz. Pasiboagoek ostera, denbora-pasa soilak izaten dituzte. Aspergarria izan behar du ametsik eta estimulurik gabeko bizitzak. Aste honetan oso gauza triste bat irakurri dut: orain dela egun batzuk, Europako gorila zaharrena Municheko zoologikoan hil da. Oihanean libre nekez bete dezaketen adinarekin hil da gainera, 55 urte zituen primate zaharrak. Gaixotasun batek jota zegoen eta eutanasia erabilita joan da bere mundua ez zen honetatik. Fritz izeneko tximinoa Europako hainbat zoologiko ezberdinetan izan da ikusleen kuriositatearen gozagarri.

Hantxe irudika dezakegu, Ruanda eta Uganda herrialdeen arteko Virunga izeneko oihanak imitatuz eraikiriko espazio batean, gogaiturik, abrozimendu etenbakoan, bere orroak eta deiak inor entzun barik, jostalagunik gabe, duen ahalmen itzela beste inoren kontra neurtu ezinik, egunero ikusle andanaren begiak bere azal leunean itsatsirik sentituz.

Pena ematen didate animalia horien bizimodua, zoologiko itxietan bizitzen. Nahiago ditut naturan aske, askatasuna baita animalia ororen desio behinena. Gurea ere bada;nirea ere bada.

Askatasunaren bila abiatzen gara naturara. Nire kasuan, naturaren espazio altuak eta arrotzak ditut gustuko;mendia da gutiziaturiko espazio hori niretzat. Aurten alturak markatuko du berriz nire ibilbidea, izan ere mendiz josiriko Nepal aldera joango gara, ez gorilak ikustera, baizik eta animalia libreak sentitzera, gizarteko zooilogokoetatik urrun bizitzaren bide luzea zabalagoa egitera.

Secciones