Zirrikituetatik begira

Uda historikoa

Ana Urkiza - Lunes, 27 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

uDA joan zaigu jada. Oporretatik bueltan gatoz. Herriren bat edo besteko jaiak salbuespen, festak ere bukatu dira. Eta lanera bueltatzea dagokigu. Eskolara. Egin beharrekoetara.

Aurtengo udak, ostera, argazki asko utzi dizkigu. Eta, bat, indartsua, eraso sexisten aurka egindako kanpainarena. Euskal Herriko hiriburuetan eta herri gehientsuenetan ere emakumeen aurkako erasoen kontrako kanpainak kontzientziaz antolatu dira. Komunikabideen babesa eta jarraipena izan dute eta herritarren inplikazioa: hasi manifestazioekin, jarraitu sentsibilizazio kanpainekin eta bukatu gauez etxera joateko eskainitako laguntza mota ezberdinekin. Kaleetan, tabernetan, kontzertuetan… presente egon da mezua, eta laguntza eskaintzeko bitarteko andana. Hiri eta herrietako alkateak balantzearen irakurketa positiboak egiten saiatu dira. Herritar askorentzat ere hala izan delako. Aurreko urteetakoekin konparatuz, zalantzarik ez, hobera egin dute emaitzek. Abusu edo eraso bakar bat ekiditeak justifikatzen du egindako ahalegin oro. Bestalde, egindako balantzeetan abusu eta bortxaketa kasuak jaso izanak eramaten gaitu pentsatzera egindako guztia ere ez dela nahikoa izan. Gezurra badirudi ere, badira oraindik gizonezkoak Ezetza entzuten ez dakitenak, Ezetzak zer esan nahi duen jakin nahi ez dutenak… Aurtengo udak utzi digun argazki indartsuenetakoa EZ handi bat da, kolore morearen gainean izkiriatua. Emakumearen ahotsa edo baiezkoa beharrezkoa dela jakinaraztea. Baten nahia edo apeta ez dela nahikoa agerraraztea. Galga jartzen ikasi beharra dagoela konturaraztea. Jaietan ere ez dela dena bale gogoraraztea. Alkohola eta drogak ez direla gure ekintzen arduradun ikustaraztea. Niri, ordea, jai osteetan egindako balantzeak ez zaizkit hain positiboak iruditu. Politikariek egindako lana erakutsi beharra badaukate ere, uda guztian preso izan dira emakumeak: beren buruak zaindu beharrean (autobus hau eta taxi hura hartu beharrean, kale honetatik edo bestetik ibili beharrean, taberna honetan edo beste hartan non sartu aukeratu pentsatzen…). Txalogarria bezain mugatzailea egin zait uda honetako kanpaina. Uda gutxiren buruan, aurtengoa historia izatera pasatzea espero dut. Zeren eta historikoa izan da, zentzu guztietan.