Brankagatik kikuke

Bide luzea egiteko

Ramon Basaldua - Miércoles, 29 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 13:04h.

Liga txapelketako bigarren partiduak argi eta garbi erakutsi deusku Eduardo Berizzoren Athleticek gauza asko dituela hobetzeko. Leganesen aurkako norgehiagokan jokalarien ekinak emon eutson garaipena talde zuri-gorriari. Huescaren aurkako lehian, ostera, Berizzoren taldeak bardinketa lortzeko aukerea emon eutson aurkariari, markagailuan 2-0 aurreratu ostean partiduaren kontrola galdu ebalako. Athleticeko entrenatzaileak erasoko jokoaren aldeko apostu garbia egiten dau horrek dakarren guztiagaz. Baloia bere jokalariak eukitea gura dau Berizzok baina aurkariaren oinetan dagoanean gehiegi sufriduten dau bere taldeak. Bide luze baten hasieran egon arren, Athletici golak sartzea ezin da hain erreza izan. San Mames gotorleku bilakatu gura badogu taldeak sendotu egin behar dau defenditzeko sistemea. Ezinbestekoa da, sailkapeneko goialdean egoteko.

Denboraldiko lehen partiduak zapore gazi-gozoa itxi euskun, taldeak irabazi egin ebalako joko onik erakutsi barik. Leganesen aurka txarto egindako gauzak ondo aztertu ondoren, Huescaren aurka Athleticek aurrerapausu bat emotea itxaroten genduan. Entrenatzaileak aldaketa bi egin ebazan hamaikakoan eta Cordoba eta Raul Garcia zelairatu ebazan Aritz Aduriz eta Unai Lopezen ordez. Aurrelariaren aldaketea behartuta egin eban Berizzok baina erdialdeari emon eutson ikutua esanguratsua izan zan. Unai Lopezek lan handia egin eban Leganesen aurka baina taldeak sakontasun barik jokatu eban. Raul Garcia zelaira-tzeak jokatzeko erea apur bat aldatzeko asmoa erakutsi eban. Joko sakona, bertikala gura eban entrenatzaileak baina ez eban lortu bere helburua, lehen zati osoan Athleticek ez eban-eta arriskurik sortu Huescaren ate aurrean, azken minutuan Williamsek zutoinera jaurti eban jokaldian kenduta.

Bigarren zatian gauzak aldatu egin ziran eta hamabost minututan zuri-gorriek bi bider zulatu eben aurkariaren atea. Bitxia eta ulertuezina bada be, hortik aurrera etorri zan zuri-gorrien kurutzebidea. Huescak baloiaren jabetzea bereganatu eban eta gauza handirik egin barik Unai Simonen atera hurreratzen hasi zan etxeko taldearen ahuleziaz baliatuta. Baloiaren jabetzea galduta, Berizzoren gizonak ezinean ibili ziran aurkariaren erasoaldiak geratu ezinik.

Entrenatzaileak Ander Iturraspe zelairatu eban partiduaren kontrola berreskuratzeko asmoagaz baina Dani Garcia bere lekutik mobidu izanak areagotu egin eban etxekoen ezina defenditzeko orduan. Talde honek behin baino gehiagotan erakutsi dau asko sufriduten dauela emaitzeari begira jokatzen dauenean.

2-0ekoagaz Athleticek ez eban bardin jokatzen segidu eta hondamendia etorri zan San Mamesen bigarren mailatik igo barria dan talde baten aurka. Berizzoren teoria garbi dago baina zelaian zuri-gorriek arazo itzelak erakusten dabez entrenatzaileak eskatutakoa beteteko.

Athleticek ez daki noiz eta non jokatuko dauen Ligako hurrengo partidua. Lotsagarria da benetan. Baleiteke hiru aste emotea jokatu barik. Edozelan be, hurrengo partidurako jokatzeko prest egongo da Iñigo Martinez eta ondarrutarrak asko lagunduko dau atzealdeari sendotasuna emoteko ahaleginean. Peru Nolaskoain jokalari ona bada be, igarri egiten jako atzealdea ez dala bere lekua. Kontuak kontu eta ahuleziak ahulezi, baikor nago etorkizunari begira.

Berizzoren apostua ausarta da eta denporea behar dau okerrak konpontzeko.