Zirrikituetatik begira

Momia

Rikardo Arregi - Miércoles, 29 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

EKAINAREN bukaera aldean baikorra izan nintzen: Francoren gorpuzkinak uztaila bukatu baino lehenago, beharbada uztailaren 18an bertan, hain data seinalatuan, aterako zituztela pentsatu nuen. Baikortasun olatuak ordu batzuk baino ez zituen iraun: informazio zehatzagoa bilatzen hasi eta berehala agortu zitzaidan (ezaguna da baikortasuna, edozein dela gaia, informazio apur batekin sendatzen dela). Nire lagunetako batek gauza atzeratuko zela uste zuen, eta urrian jarri zuen muga;gehienak ados zeuden.

Abuztuaren bukaeran Pedro Sánchezen gobenuak argitaratu du beharrezkoa omen den lege-dekretua momia ezaguna Valle de los Caídos (izena ere...) horretatik ateratzeko: badirudi Espainian ahalegin titanikoak nahitaezkoak direla diktadore bati ohoreak kentzeko. Tartean monasterioko priorea sarturik egon da aferan, Solesmes-eko kongregazioa zer den ikasi dugu, eliza katoliko erromakoaren hierarkia espainiarrek adierazpenak egin dituzte (erdi-ezkutuan);gehi Francoren familia, fundazio hori, komunikatua egin duten militar frankista, neofrankista edo veterofrankista horiek guztiak. Zirko bat. Fartsa bat. Tragedia bat. Asko haserretu dira gerra (argi eta garbi esan dute) galdu dutenak lotsa galtzen ari direlako. Eta Espainiako ezkerra beti bezain beldurti dabil, kontuaren ondorio legezko eta ez-legezko guztiak aztertuz, helegite eta abarrak etorriko baitira (hain ohitura frankista), eta gero epaitegiak, auzitegiak eta oinordeko frankista horiek guztiak momiak behar diren lekuetan berriro jartzeko (Iruñean badakite zerbait horretaz). Eskuinekoak bai-baina-ez, ez-baina-bai betikoetan dabiltza: Marotoren argudioak entzutea esperientzia bat da, amesgaizto bat, jendearengan fede ona galtzeko biderik azkarrena. Denboraren makina esistituko balitz, 1944ra bidaliko nuke Maroto zuzenean.

Esaten dute urtea amaitu baino lehenago aterako dutela Franco Erorien Haranetik (izena ere...), abenduaren 6an konstituzioaren berrogei urteak ospatzeko. Ikusiko dugu. Lege-dekretuak urtebeteko epea ematen dio gobernuari. Hori bai, Franco atera baino lehenago frankista asko beren arratoi-zuloetatik ateratzen ikusten ari gara.

Secciones