Irailaren 3an

Bilboko Udaltegiek beste zortzi pintura eta argazki erakusketa ibiltari jasoko dituzte

Expodistritoren kartela (Bilbao.eus)

Bere helburua artea Hiriko barruti guztietara eramatea eta hainbat artistaren lana ezagutaraztea da

Expodistritok, Bilboko barrutietako Udaltegietan eskainiko den aldi baterako erakusketa zikloak, astelehenean, irailaren 3an, inauguratuko du urteko laugarren hiruhilekorako programa.

Deia - Viernes, 31 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 10:58h.

Bilbo. Abandoko (Elkano, 20), San Inazio-Ibarrekolandako, Otxarkoagako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko, Burtsako eta Errekaldeko udaltegietara hurbiltzen direnek, hainbat pintura estilo, teknika eta gai landuz egindako bost pintura erakusketaz eta hiru argazki erakusketaz gozatu ahal izango dute. Horrez gain, urrian Bilboargazkiaren programazioa gehituko zaie.

Urteko azken hiru hilabete hauetako Expodistritoko programa iraileko lehenengo hamabostaldi honetan hasiko da, hiru pintura erakusketarekin, eta argazki erakusketa birekin, Begoñako, Otxarkoagako, Castañoseko, Errekaldeko eta San Inazio – Ibarrekolandako udaltegietan. Horrela, San Inazio-Ibarrekolandako udaltegiak, Iñaki Bengoetxea Jaio arte plastiko irakasleak sinatutako margolan erakusketa jasoko du. Bere lanetako gaiak paisaiak dira ia beti, eta horietan esperimentatu egiten du, irudiak moztuz eta koloreak aldatuz, irudia-hondoa espazio anbiguotasun efektuak sortzeko. Horrez gain, forma geometriko sinpleak ere erabiltzen ditu lanak egituratzeko, paisaiaren forma organikoekin kontrastatuz.

Castañoseko Udaltegiak, bere aldetik, Juan Carlos Pérez Usandizaga artistaren erakusketa bat jasoko du hileko lehen hamabostaldi honetan, bizia eta natura bereiziezinak diren margolanen aukeraketarekin. Lehenengoa, existitzen den guztiaren hari gidari gisa, eta bigarrena, hori guztia lotzen duen armiarma-sarea. Oraingo honetan, bilduma abstraktuagoa aurkezten du, izaera figuratiboagoa duten beste artelan batzuekin batera.

Hamabostaldi honetarako programatutako azkenengo pintura erakustaldiak, Errekaldeko Udaltegian ikusi ahal izango denak, Marta Clavero Reyesen paisaia bilduma jasoko du;gailuen pantailan ezustean sartzen diren paisaiak dira, baina horien lekua ez da hori, dauden lekuan daude, hemen ditugunak irudia, ilusioa, baino ez dira. Erakusketa irailaren 28ra arte bisitatu ahal izango da, eta urrian San Inazio-Ibarrekolandako udaltegira joango da.

Hiru pintura erakusketa horiez gain, beste horrenbeste argazki erakusketa programatu dira. Burtsako Udaltegiak Lea Tyrallová argazkilari eslovakiarraren “Zá?itky” erakusketa jasoko du astelehenetik aurrera. Bilduma horrek irudiak ulertzeko moduan sakontzen du;ikusleei galdera egiten die, berehalako interpretazio emozionalari dagokionez. Kolorearen –eta horren faltaren– erabilerak, beroaren eta hotzaren, gertukoaren eta ezezagunaren arteko irakurketa ezartzen du, intuizioan eta pertzepzioan oinarrituta.

Beste alde batetik, Begoñako udaltegiak, protagonista Kantauri itsasoa izango duen Manu González Vidalen erakusketa jasoko du. Artistak azaltzen duenez, “Kantauri” ez da soilik gure begiradaren iparraldean, euskaldunen, kantabriarren, asturiarren eta gailegoen iparraldean, dagoen itsasoa, “bere ur hotzekin indarrez besarkatzen eta kolpatzen gaituen, harkaitz zailak modelatzen dituen eta gure izaera lantzen duen itsasoa” ere bada. Bilduma Burtsako Udaltegian bisitatu ahal izango da urrian.

Hilabete honetan Expodistrito irekiko duen programazioa, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak bultzatuta migratzaileek eta errefuxiatuek Europan bizi duten egoerari buruz Abandoko Udaltegian egingo den erakusketarekin osatuko da. Ekimen horrek, ezinbesteko leku aldatzera edo emigrazioaren zalantzara bultzatutako pertsonen errealitatera hurbildu gura ditu herritarrak. Gatazka armatuak, pobrezia, habitat naturalen suntsiketa bertako lehengaiak arpilatzeko, pentsamendu, erlijio edo sexu orientazioaren ondoriozko jazarpenak, erregimen autoritarioak… Horietatik guztietatik egiten dute ihes pertsona horiek.

Expodistritoren programaziotik kanpo dagoen arren, ohikoa denez, urrian udaltegiek Bilboargazkiren beste edizio bateko zenbait erakusketa jasoko dituzte. Erakusketa horietan nazio eta nazioarte mailako erreferentziazko argazkilarien lana ezagutzeko aukera ematen da. Horrez gain, abenduan, Juan Armentia argazkilariak “Guerreros de seda” lana erakutsiko die ikusleei, Abandoko udaltegian.

ARTE GEHIAGO

Irailaren 18an beste pintura erakusketa bat inauguratuko da Abandoko Udaltegian, hainbat teknika erabiliz José Alberto Eguiluzek egindako lanen aukeraketarekin. Betidanik marrazki zalea izanda, siderurgia sektorean aurre erretiratu eta gero, pinturara bideratu zen, ikatzez, arkatzez, pastelez eta akuarelez egiten dituen paisaiekiko joera bereziarekin.

Urteko azken hiruhilekorako programazioa, hiru emakumeren lanak bilduko dituen pintura erakusketa batekin osatuko da: Arantze Arzua, Itxaso Manzano eta Marga del Rey. Bakoitzak bere ibilbidea egin duen arren, arte zaletasunak elkartzen ditu. Berreginen Museoan eta Bilboko “La Taller” izenekoan lan egiten duen taldea osatzen dute. Hiruek, bereizitako sektoretan eta teknika desberdinekin, azken bi urteetan sortutako lanak eta erakusketa honetarako beren beregi egindakoren bat proposatzen dituzte. Ohiko atzera begirako bat baino gehiago, azken lanen arteko ezusteko loturak proiektatuko dituen instalazio bateratua da. Erakusketa Castañoseko Udaltegian egongo da ikusgai urriaren 2tik aurrera.

Expodistrito” programa, Bilboko Udalaren ekimena da, eta bere helburuen artean hiribilduko arte adierazpenak deszentralizatzea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea daude, eta baita jada ezagunak diren beste batzuen erakustoki izatea ere. Ohikoa denez, erakusketak lekuz txandakatzen joango dira, eta erakusketa bakoitzaren egun zehatzak udaltegietan, barrutietako programazioa jasotzen duen webgunean (www.kulturabarrutik.eus) eta 010 telefono zenbakian kontsulta daitezke

IRAILEKO AGENDA

Izenburua: Iñaki Bengoetxea Jaio (Pintura) Lekua: San Inazio-Ibarrekolandako udaltegia Egunak: Irailaren 3tik 14ra Izenburua: Lea Tyrallová “Zá?itky” (Argazkigintza) Lekua: Burtsako udaltegia Egunak: Irailaren 7tik 29ra

Izenburua: Manu González Vidal (Argazkigintza) Lekua: Begoñako udaltegia Egunak: Irailaren 3tik 14ra

Izenburua: Juan Carlos Pérez Usandizaga (Pintura) Lekua: Castañoseko udaltegia Egunak: Irailaren 3tik 28ra

Izenburua: Marta Clavero Reyes (Pintura) Lekua: Errekaldeko udaltegia Egunak: Irailaren 3tik 28ra

Izenburua: Situación de las personas migrantes y refugiadas en Europa. Ongi etorri errefuxiatuak plataforma (Argazkigintza) Lekua: Abandoko Udaltegia (Elkano, 20) Egunak: Irailaren 3tik 14ra

Izenburua: José Alberto Eguiluz (Pintura) Lekua: Abandoko Udaltegia (Elkano, 20) Egunak: Irailaren 18tik 28ra

Secciones