2018-2019 IKASTURTEAN

“Haurgune” eta “Kidegune” aisialdiko programetan izena emateko epea zabaldu da

Begoña, Irala, Otxarkoaga, Deustu, Zorrotza, Castaños eta Zazpi Kaleetan gauzatzen da

Bilboko Udalak “Haurgune” eta “Kidegune” umeen aisialdirako programetan izena emateko epea zabaldu du gaur, 2018-2019 ikasturtean. Epea irailaren 6ra arte zabalik egongo da eta eskariak 010/944 010 010 informazio-telefonoan, www.bilbao.eus web orriaren bidez edo udaltegietako “Bilbao Click” bulego elektronikoetan egin ahal dira.

DEIA.EUS - Lunes, 3 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 11:20h.

BILBO. Kanal berberok erabilita, irailaren 14tik (barikua) aurrera plazak adjudikatzeko zozketa publikoaren emaitzak kontsultatu ahal izango dira. Zozketa bezperan izango da, hau da, irailaren 13an (eguena), 10:00etan, Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko Umeen Gaietarako Zerbitzuan (Aznar eraikinaren 4. solairua. Venezuela plaza, 2).Inskripzioa formalizatzeko epea irailaren 14an (barikua) hasi eta 18an (martitzena) amaituko da. Taldeak osatzeko beharrezkoa izango da bakoitzean gutxienez 6 ume egotea. Hortaz, parte-hartzaileen gutxieneko kopurua bete ezean, eskariak erreserban geratuko dira, pertsona gehiagok izena ematearen zain. Hala berean, bete gabeko plazak geratuz gero, ikasturtean zehar inskripzioak egiteko aukera dago, urriaren 1etik aurrera, hain zuzen, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Sailera deituta. (94 420 43 94/94 420 42 22/94 420 43 95).

NORA…MUNDURA!

“Haurgune” eta “Kidegune” programak 2018ko urriaren 1etik 2019ko ekainaren 15era bitartean gauzatuko dira eta parte hartzen duten umeek munduan zehar ibiltzeko aukera emango dieten jarduerak egingo dituzte. “Nora…mundura! izenburupean beste hiri, herrialde, kultura, jolasteko era, gastronomia edo arte batzuk ezagutuko dituzte. Diseinatutako jarduerekin, umeek balioak jorratuko dituzte, hala nola, errespetua, berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa, ingurumenaren jasangarritasuna eta bizikidetza.

Gurasoen eskariei erantzuteko, jolasak eta jarduerak euskaraz egingo dira gehienbat, jarduera batzuk ingelesez egitea kontenplatzen bada ere. Horrela, umeen artean euskararen erabilera sustatzen da aisialdian eta jolasean ere.

“Haurguneak” eta “Kideguneak” Begoña, Irala, Otxarkoaga, Deustu, Zorrotza eta Castañoseko udaltegietan eta Zazpi Kaleetako lokal batean egongo dira.

"HAURGUNE” ETA “KIDEGUNE”

“Haurgune” programa 5-8 urteko umeentzat da (2010-2013an jaioak). Astelehenetik eguenera egongo dira zabalik, 17:30etik 19:30era bitartean. Talde bakoitzean 12 plaza eskaintzen dira.

“Kidegune” programa, berriz, 9-11 urteko umeentzat da (2007-2009an jaioak). Barikuetan edo zapatuetan egingo da, 17:30etik 19:30era bitartean eta talde bakoitzean 15 plaza eskaintzen dira.