Jada lanak aurkez daitezke

Tene Mujika bekaren 13. deialdia abenduaren 10era arte irekita egongo da

Iaz Kattalin Miner irabazi zuen transexualitateari buruzko proiektu batekin

Tene Mujika bekaren deialdi berria martxan dago, Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatuta. Bere helburua da Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta euskal literatura aberasteko. Deialdia abenduaren 10ean amaituko da eta irabazleak 6.000 euroko diru laguntza jasoko du. Iazko irabazleak transexualitateari buruzko proiektu bat egin zuen.

DEIA.EUS - Martes, 4 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 11:08h.

DONOSTIA. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Euskal Herrian azken 60-70 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez daitezke (biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak). Lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.

Proiektuak aztertzean, bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. Fikziorik ez da onartuko, baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu. Dibulgazio lanak bezala egin daitezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak.

Proiektuak abenduaren 10era arte bidal daitezke artxiboa@deba.eus helbidera, eta parte hartzaile bakoitzak ondorengoak aurkeztu beharko ditu, posta elektronikoz atxikitako dokumentuan: idazlearen curriculum laburra, orri batean, argitara emandako lanak aipatuz, baita harremanetan jartzeko helbide eta abarrak ere;idatzi nahi duen lanaren azalpena, 3-6 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola gaia, egitura, iturriak, metodologia, aurreikusitako luzera eta estiloa;eta idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa.

EPAIMAHAIA

Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Aitor Zuberogoitiak osatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2019ko urtarrila amaitu baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.

Bekako diru kopuruaren erdia, izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan, lehen erdia jasotzen duenetik urtebetera hain zuzen ere.

Irabazleak izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du gehienez, idazlan amaitua antolatzaileei helarazteko. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso beharko du.

Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikideen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenkiro kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.