Talaieroa

Erlojua

Erramun Osa - Martes, 4 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

Erlojuak gure bizimoduaren gorabeherak baldintzatzen ditu, horrenbeste non gero eta maizago bere zerbitzari bihurtu garen. Horrenbestekoa da mendekotasun hori non bizitza ia eskuetatik ihes, kontrolik gabe doala begitantzen zaigun. Burutazio hori eman nien aditzera behinola Aljeriako mugatik hurbil zegoen Tunisiako herrixka batean, eguzkiaren berotasuna arintzen ari zenean, kalearen erdian eserita zeuden herritarrei. Konturatzerako denbora joan doala esan nien... haietako batek, ordea, harritu antzean erantzun zidan denbora etorri datorrela, ez besterik.

Europako herrialdeetan eztabaidagai dago azken hamarkadetan usadio bilakatu dena, urtean zehar ordutegia aldatzea, hain zuzen. Udako edo neguko ordutegia denean ezarri, hori omen da kontua. Halakoetan lurralde bakoitzean dauden ohiturak, bai eta eguzki-orduak ere erabakigarriak izango dira... eta horretara joan beharko dugu gainerakook moldatzen, ohiturak eta lan ordutegiak barne direla.

Erloju malapartatuak ez ditu gure usadioak ezartzen bakarrik, politika kontuak ere bere menera eraman behar omen ditu. Halaxe zioen behintzat EH Bilduko buruzagi batek Euskadiko eta Kataluniako erlojuak sinkronizatu behar direla baieztatu zuenean. Zinez ez dakit erlojuak bateratzeaz harago joan gaitezkeen, ez baita antzematen norabidean ez eta helburuetan ere bateragarria den beste ezer. Nolanahi ere den, estatuarekiko konfrontazioa areagotzea bada kontua herritarrei azaldu beharko zaie horrekin zer bilatu nahi den, bestela alferrik ari baikara.

Bai, denbora gainera etorri dator, autogobernu kontuetan ere. Inork ez dio baliorik kenduko bi alderdi abertzaleen artean Eusko Legebiltzarrean erdietsi den adostasunari... baina, adostasun horrek zapore mingotsa laga digu abertzale garen batzuei. Alde batetik, Euskal Herriaren aniztasuna -bai eta Euskadik barruratzen duena ere- kontuan hartuta, ezinbestekoa delako beste alderdi batzuekin adostasunetara iristea, areago bizikidetza eta kohesioa mantentzeari begira. Zailena horixe da... eta aldi berean horixe da bidea, akordioak erakundeetan ibilbidea izan eta gauzatzeko modukoa izango bada. Izan ere, helmuga urrunago jarriz gero, inor ez baita lehenago iristen alderantziz baizik. Beste aldetik, ezin da inolaz ere deskuidatu Gernikako estatutua erabat gauzatzeko egin behar den ahalegin politikoa.

Bai, denbora joan doa gauzak bere horretan, estatua nolanahi mantentzea helburutzat dutenentzat. Horiek ere beharko dute beraien ikuspegia eguneratu, estuaren ikuspegia XXI. mendera ekarriz eta eraberrituz. Zer dute eskain-tzeko, inposaketa ez bada, gauzak bere horretan daudenean lagatzea ez bada, estatua bera zartatuko ez bada.