2017ko hil beraren aldean

Euskadiko industria produkzioa %3,8 igo zen pasa den uztailean

Urteko lehen zazpi hilabeteetan %3,0ko hazkundea izan du industria jarduerak

Industria produkzioa %3,8 gehitu zen Euskal Autonomia Erkidegokoan (EAE) uztailean, iazko hil beraren aldean eta lan egutegiko baldintza homogeneoetan. 2018ko lehen zazpi hilabeteetan %3,0ko hazkundea izan du industria jarduerak. Gainera, urtaroen eragina konponduta, pasa den uztailean produkzioa %1,0 jaitsi zen Eustat datuen arabera. 

DEIA.EUS - Miércoles, 5 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 11:23h.

BILBO. Joan den uztaileko industria indizearen bilakaerak, 2017ko uztailekoaren aldean, emaitza ezberdinak dakartza sektore handietan. Hain zuzen, ekipoko ondasunak %7,0 gehitu ziren, eta bitarteko ondasunak %4,8, baina energia %7,9 jaitsi. Kontsumoko ondasunak, oro har, %6,3 gehitu ziren (kontsumoko ondasun ez iraunkorrak %9,5 gehitu eta iraunkorrak %1,0 gutxitu). 

Halaber, hil arteko bilakaera bestelakoa izan zen industria talde handietan. Horrela, bitarteko ondasunak %0,4 igo ziren, baina energia %4,2 eta ekipoko ondasunak %1,5 jaitsi. Kontsumoko ondasunak, guztira, %1,1 gehitu ziren (iraunkorrak %4,7 gehitu eta ez iraunkorrak %0,1 gutxitu). 

Bestalde, EAEko industrian pisurik handiena duten sektoreen artean, urte arteko hazkunderik handienak izan zituztenak hauek izan ziren: garraio materiala (%11,8), elikadura, edari eta tabakoen industriak (%9,8), zurgintza, papera eta arte grafikoak (%7,1) eta metalurgia eta produktu metalikoak (%4,1). Aitzitik, energia elektriko, gas eta lurrunaren sektorean %10,6ko jaitsiera gertatu zen. 

Azkenik, industria produkzioko indizeak uztaileko urte arteko bilakaera positiboa izan zuen EAEko hiru herrialdeetan. Zehazki, produkzioa %9,3 gehitu zen Araban, %2,9 Gipuzkoan eta %1,7 Bizkaian.