53. edizioa

Durangoko Azokako erakusmahaiak jada alokatzen daitezke

Alokatzeko epea irailaren 30era arte zabalik egongo da edizio honetarako

Durangoko Azokako 53. edizioan abenduaren 5etik 9era izango da, baina jada irekita erakusmahaiak alokatzeko epea. Parte hartu nahi duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile eta auto-ekoizleek irailaren 30era aste egin ahal izango dute.

DEIA.EUS - Miércoles, 5 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 12:36h.

BILBO. Antolakuntzak jakinarazi duenez, bere produktuak Durangoko Azokan izan nahi dituenak hainbat aukera ditu horretarako. Araudian jasotako irizpideen arabera, interesatuak erakusmahai osoa, erdia edota hainbat partaiderekin batera partekatutako auto-ekoizpenen gunea kontratatu ahal izango ditu. Eskaera on line egin beharko da Durangoko Azokaren webgunean, "Nire Azoka" atalean erregistratuta.

Halaber, Gerediaga Elkarteak aukera ematen die Durangaldeko sortzaile, elkarte eta erakundeei inolako kosturik gabe Durangoko Azokan beren produktuak erakusgai eta salgai jartzeko. Azokaren araudi nagusia betetzeaz gain, helbide fiskala eskualdeko udalerriren batean izan behar du eskatzaileak eta produktu guztiak "Durangaldeko argitalpenak" bezala erakutsiko dira. Izena emateko Gerediaga Elkartera jo behar da.

Bestalde, sortzaileek urriaren 1tik 15era eman ahal izango dute izena Azokako gune ezberdinetan, beren lanak bertan zuzenean aurkezteko. Halaber, Ikasle Eguna abenduaren 5ean izango da, Azokaren irekiera egunean, eta aurreko edizioetan bezala, lantegi eta ekintza bereziak antolatuko dira. Urriaren 1etik 15era egongo da zabalik izena emateko epea ikastetxeentzat eta hezkuntza zentroentzat.

Nobedade gisa, Sormen Beka jarri dute martxan lehen aldiz Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak, euskarazko sorkuntza sustatzeko eta sortzaile berrien lanak ezagutzera emateko asmoz, eta proposamenak aurkezteko epea irailaren 21ean itxiko da. Aurtengo deialdian literatura izango da oinarri eta proiektuak 15.000 euroko laguntza jasoko du. Oinarriak eta eskaera orria azokako webgunean kontsulta daitezke.