EiTBk eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak lankidetza hitzarmena berritu dute

Maite Iturbe Euskal Irrati Telebistako (EiTB) zuzendari nagusiak eta Oriol Roch Euskadiko Orkestra Sinfonikoko (EOS) zuzendari nagusiak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena berritu dute asteazken honetan, irailaren 5ean. Akordioaren bitartez, EiTBko hedabideek EOSen jarduerak sustatzeko leiho izaten jarraituko dute.

EP - Miércoles, 5 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 16:51h.

BILBO. Sortu zirenetik, bi erakundeak bidelagun izan dira musika euskal gizartera gerturatu eta zabaltzerako orduan, eta asteazken honetan berritu den hitzarmenak orain arte egindako lana berretsi eta indartuko du.

Horrela, EiTB komunikazio taldeko hedabideek gertutik jarraituko dute euskal orkestraren jarduna (abonu denboraldiko kontzertuak, emanaldi bereziak, kolaborazioak eta abar). Telebista, irrati eta Internet bidez, EOSen ekitaldi guztien berri jasoko dute herritarrek, orain arte bezala.

Jarraipen informatiboa egiteaz gain, EiTB zabalik egongo da EiTB Taldeko zein EOSeko langileek bi aldeentzako komunikazio proiektu interesgarriak proposatu eta garatu ahal izan ditzaten, eta horrelakoetan elkarlanean aritzeko aukera izan dezaten.

Hitzarmenari esker, EOSeko abonu denboraldiko kontzertuetako audioak grabatu eta eman ahalko ditu EiTBk. Bestalde, telebistan ere gozatu ahalko dute ikus-entzuleek orkestraren musikaz, iaz bezala, kontzertu bat grabatuko baitu ETBk Gabonetan eskaintzeko.

Berebat, bi erakundeen arteko lankidetzan bide berriak urratzeko aukera zabalik geratuko da, betiere musika eta kultura zabaltzea jomuga dutela.

Secciones