Irailetik aurrera

Osakidetzak haurdun dauden emakume diabetikoei gluzemia neurtzeko sistema berria martxan jarri du

Haudun dagoen emakume bat. (Pablo Viñas)

Euskal Autonomia Erkidegoko 18 urte baino gutxiagoko 300 pertsona iaztik ari dira erabiltzen sistema hori

Haurdun dauden edo haurdun geratzeko asmoa duten emakume diabetikoei glukosa monitorizatzeko sistema berria eskainiko die Osakidetza irail honetatik aurrera. Oso berria den metodoaren bitartez, adabaki bat ipinita, egunero sastada ugari egin beharra saihestuko da, eta horrek pertsona diabetikoen eguneroko bizitza erraztuko du. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 18 urte baino gutxiagoko 300 pertsona iaztik ari dira erabiltzen sistema hori. 

EUROPA PRESS - Jueves, 6 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 10:43h.

BILBO. Osakidetzak jakinarazi duenez, sentsore adabakiak odoleko glukosa maila neurtzen du eta sakelako telefono baten pantailan ikusteko aukera ematen du, orain arte behin eta berriro egin behar izan diren sastada kapilarrak saihestuz. Aurrerantzean, 1 motako diabetesa duten eta haurdun geratzeko asmoz kontsultara joan diren 50 bat emakumek gluzemia neurtzeko metodo berria erabili ahal izango dute. 

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak bereziki zaurgarriak diren pertsona horientzako tresna berriak duen garrantzia azpimarratu du. Bere hitzetan, "haurdun geratu aurretik diabetesa duten pazienteek odolean glukosa mailak kontrolatzeko zailtasun berezia duen taldea osatzen dute. Adabakiari esker, intsulina hartu aurreko sastadak ekidingo dituztenez, euren bizi kalitatea izugarri hobetuko da". 

Sakelako telefono baten pantailatik glukosa mailak ezagutzeko sistema berria 2017ko azaroan jarri zen martxan haurren eta gazteen kolektiboentzat. Orduz geroztik, 18 urte baino gutxiagoko 308 paziente ari dira erabiltzen. Halaber, medikuaren aginduz eta hainbat egoerari erantzuteko, sentsorea beste 92 helduren esku jarri zen. Aurrerago, proiektuaren lehen ebaluazioa egitea aurreikusita dago, EAEn diabetesa duten pazienteen multzoan sistema berriaren ezarpena baloratzeko. 

DIABETESA EAE-N 

Europa osoan diabetikoen kopuruak oro har gora egin arren, EAEn bere prebalentzia Espainiako Estatuko batez bestekoaren azpitik dago. Osakidetzaren azterketa baten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 18 urtetik gorakoen %10,6rengan eragiten du. Antzeko helburuekin egin ziren azterketetan, berriz, Estatuan prebalentzia %13,8ko dela ikusi zen. 

Bizi ohitura osasungarriak hartzea gaixotasuna prebenitzeko funtsezkoa denez, Eusko Jaurlaritzaren 2013-2020 aldirako Osasun Planak "Euskadiko elikadura osasungarrirako ekimenak" proiektua edo haurtzarotik zahartzaroraino jarduera fisikoaren sustapena bezalako jarduketak sustatzen ditu. 

Asistentzia arretari dagokionez, Osakidetzako profesionalek gaixotasuna prebenitzeko eta kontrolatzeko egiten duten lanaz gain, Osasun Eskolaren eta Paziente Bizia programaren barruan, paziente horien prestakuntza "Nire diabetesa zaintzen" lantegien bidez sustatzen da. Programa horren bidez 3.000 pertsona baino gehiagok hartu dute parte dagoeneko.  

Secciones