liburutegi digitalak 3.000 erabiltzaile berri ditu

eLiburutegiak ia 27.000 erabiltzaile ditu eta udan zehar 10.100dik gora liburu mailegatu dira

eLiburutegiak ia 27.000 erabiltzaile ditu eta udan zehar 10.100dik gora liburu mailegatu dira. (n.g)

Udan gehien eskatu diren liburuak Jon Arretxeren "19 Kamera" eta Fernando Arambururen "Patria" izan dira

Udan lortutako erabiltzaileei esker, eLiburutegia liburutegi digitalak 26.890 erabiltzaile ditu egun, eta hauek, guztira, 10.123 liburu hartu dituzte maileguan uztailean eta abuztuan zehar. Udan gehien eskatu diren liburuak Jon Arretxeren "19 Kamera" eta Fernando Arambururen "Patria" izan dira.

EP - Viernes, 7 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 12:06h.

BILBO. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ostiral honetan jakinarazi duenez, uztailean eta abuztuan gehien eskatu diren 15 liburuen artean, bost euskarazko argitalpenak izan dira, eta gainerakoak gaztelaniazkoak.

Halaber, eLiburutegiak eskaintzen dituen filmei dagokienez, aurtengo udan gehien eskatu direnak honako hauek izan dira: Asier Altunaren "Amama" eta Jon Garañoren eta Jose Mari Goenagaren "Loreak".

Modu honetan, ekainean eLiburutegia filmak eta audioliburuak maileguan hartzeko aukera eskaintzen hasi zenetik, liburutegi digitalak ia 3.000 erabiltzaile berri irabazi ditu eta, guztira, ia 27.000 ditu. Gorakada "esanguratsua" izan da, eta eragina izan du, halaber, liburuen maileguan. Aurten, orain arte, ia 36.331 liburu hartu dira maileguan;10.123 uztailean eta abuztuan.

Udako bi hil horietan, Arretxeren "19 Kamera" eta Arambururen "Patria" lanekin batera, Luz Gabás-en "Regreso a tu piel", Almudena Grandes-en "Los pacientes del doctor García" eta "19 Kamera" liburuaren "19 Cámaras" gaztelaniazko bertsioa izan dira maileguan gehien eskatu diren liburuak.

Halaber, udan gehien mailegatu diren liburuetako batzuk urtarriletik maileguan gehien utzi diren liburuen zerrendan ere badaude. Hori da "19 Kamera" eta "Patria" liburuen kasua; eLiburutegiaren bidez aurten, orain arte, gehien irakurri diren liburuak dira, bai eta Kirmen Uriberen "Elkarrekin esnatzeko ordua" ere. Uriberen eleberria eLiburutegiaren bidez maileguan gehien hartu zena izan zen iaz, eta, gero, "Patria".

FILMAK

Bestalde, eLiburutegiaren bidez ekainean hasi ziren filmak mailegatzen, eta euskarazko pelikulek izan duten harrera nabarmendu da. Maileguan gehien utzitako bost filmen artean, "Amama" eta "Loreak" filmez gainera, "Paperezko hegazkinak" ere badago, Robert Connolly-ren "Paper Planes" animaziozko filmaren euskarazko bertsio bikoiztua. eLiburutegian maileguan gehien utzitako hamar filmak hurrengo hauek dira: "Amama", "Loreak", "El Grúfalo", "Oriente es oriente", "Paperezko hegazkinak", "Ozzy", "Salir del armario", "Arrugas", "Venús: confesiones desnudas" eta "Pagafantas".

Audioliburuak Daisy formatuan eta filmak gehitzeko apustua 1.600 filmekin eta 600 audiolibururekin hasi zen. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren helburua da urtea amaitu aurretik guztira 2.000 film izatea;horietatik, 300 inguru euskaraz izango dira.

eLiburutegia liburutegi digitala 2014ko azaroan sortu zen, egile eskubideak babesten dituen eduki digitalen kontsumo antolatua eskaintzeko. Eusko Jaurlaritzak du mailegu bakoitzeko zenbateko bat ordaintzeko ardura eta, horrela, erabiltzaileei kultur eduki digitaletara doan sartzeko bidea eskaintzen die. Filmen kasuan, eFILMekin lortutako akordio bati esker, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, batez beste, 50 zentimo ordaintzen ditu mailegu bakoitzeko.

Liburutegi digitala erabili ahal izateko, erabiltzaileak alta eman behar du Euskadiko Irakurketa Sare Publikoko liburutegi publikoren batean. Horrela, liburutegiko txartelaren bidez, erabiltzaile izena eta sarbide gakoa izango ditu;halakorik eduki ezean, sareko liburutegi batera joan daiteke eskatzera. Euskadiko Irakurketa Sare Publikoak ia milioi bat erabiltzaile ditu.

Secciones