180 gramoko biniloan

Negu Gorriak, Anestesia, Soziedad Alkoholika, Dut eta Kuraia taldeak Elkar Vinyl Collection bilduman agertuko dira

Dut hondarribitarren "Askatu korapiloa" lehen aldiz biniloan argitaratu da, edizio berezi bikoitzean

EUROPA PRESS - Viernes, 7 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 11:12h.

BILBO. Elkar argitaletxeak abiaturiko Elkar Vinyl Collection bilduma bereziak bost erreferentzia berri plazaratu ditu, 180 gramoko biniloan. Negu Gorriak ("Borreroak baditu milaka aurpegi"), Anestesia ("Gorrotoaren ahotsa"), Soziedad Alkoholika ("Y ese que tanto habla..."), Dut ("Askatu korapiloa") eta Kuraia ("Piztu da piztia") taldeen lanak dira salgai dauden erreferentzia berriak. Lehenengo hirurak, 25 urteurrena dela-eta argitaratu ziren, Elkarrek jakinarazi duenez.

Negu Gorriak taldearen hirugarren diskoa da "Borreroak baditu milaka aurpegi", eta banda egonkor gisa grabatu zuen lehena, bost kideekin, alegia. "Rockdelux" aldizkariak Estatuko urteko disko aukeratu zuen duela 25 urte. "Lan mamitsu eta indartsua, denboraren poderioz irabazten duena", adierazi dute.

Halaber, duela 30 urte sorturiko Anestesia taldearen lehen diskoa izan zen "Gorrotoaren ahotsa", orain dela 25 urte argitaratua. "Den-dena harekin hasi zen", nabarmendu dute.

Bestalde, Soziedad Alkoholika gasteiztarren "Y ese que tanto habla..." diskoa ere klasiko bihurtu da jada. Hardcore, hiri rock eta punka zati berdinetan eskaintzen du. "Errotikako kritika soziala eta soinu boteretsua. Askoren ustez, bandaren lan onenetakoa da", ziurtatu dute.

Gainera, Dut hondarribitarren "Askatu korapiloa" lehen aldiz biniloan argitaratu da, edizio berezi bikoitzean. Diskoaren "soinu mamitsu eta ilunak" eta "hitz bizkor eta zorrotzek" 1990ko hamarkadako "erreferenteetako bat" bihurtu dute. "Post-hardcorea, barealditik ekaitzara ziztu bizian aldatzen dena", nabarmendu dute.

Azkenik, "Piztu da piztia" izan zen Kuraia taldeak arguitaratu zuen azken lana, 2005ean. Aurrekoak baino "espontaneoagoa" da, eta 1980ko hamarkadako kutsu eta heavy ukitu gehiago ditu, betiere laukotearen soinuaren nortasuna gordeta. "Rock, punka eta high energya inoiz baino presenteago daude", esan dute.