Zirrikituetatik begira

Langileak

Juanjo Olasagarre - Sábado, 8 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

ZORIONEKO demokrazia ez da debalde;lana eskatzen du hiritar informatua izateak, informatua gainera botereak nahi duen arte, izan baitago errealitatearen parte bat zeinetara hiritar arruntok ezin garen ailegatu. Nik, horregatik eta zutabegile lan hau gorabehera, ertzetik begira egoten natzaio errealitateari.

Gure herrian bazen han laurogei hamarkadan prostituzioa zerbitzu sozial moduan planteatzen zuen bezeroa;eta sindikalista izanik, prostitutak langiletzat hartzen zituena. Guri, orduan gaxte, erdi-eskandaluzkoa erdi-barregarria iruditzen zitzaigun proposamena, ia txoro batek egindakoa.

Espainiako gobernuak goltzat jo du OTRAS prostituten sindikatua legeztatu izana, eta hor hasi gara denok horrelako eztabaidatan, zaharra da, aritzeko argudio-tresnak bilatzen.

Hainbat feministek diote inor ez dela puta lanean aritzen bizi baldintzek bultzatzen ez badute, beste zeregin batzuetan ez bezala norberaren gorputza dela merkantzia, biolentzia jasaten dutela, prostituzioa patriarkatuaren oinarrizko instituzioa dela. Sindikatuko partaideak eta beste feminista batzuek uste dute oraingoz prostituzioa desagertuko ez denez, hobe dela zeregin horretan aritzen direnen lan baldintzak sortu eta hobetzea;izan badirela horretara jo eta lan moduan hartzen dutenak eta Mozal legeagatik isuna jarri eta atxilotzea saihets dezaketela horrela;eta horretara jarriez gero, putetxeetako enpresarien elkartea aspaldi dagoela legeztaturik.

Nik argi dut prostituzioan arituko banintz, nahiago nukeela nire burua langileek dituzten eskubideekin, gero eta gutxiago, babestua izatea, baina argi dago baita ere mila urtetik gorako sistema patriarkalaz bestelako sistema bat bagenu beharbada, emakumeen gorputzetan gordinki ezartzen den biolentzia sinboliko eta erreala ez litzatekeela izango.

Nire aukera sexualagatik urruti harrapatu nau beti gaiak, nahiz eta jakin gaur egungo kapitalismoaren menperatze eta botere ugari hariltzen dituela. Duela gutxi ustekabeko komentario baten bidez jakin dut nire koadrilakoek gaztetan putetara joaten zirela. Erabat harritu nau. Zertan aritzen ote nintzen ni bitartean?

Secciones