ezkerraldea

Berriro dator antzerkia Barakaldoko kaleetara, Ratataplan jaialdiari esker

Datorren irailaren 19an, asteazkenarekin, hasiko da programazioa - 2018-2019ko Partaidetzazko Aurrekontuetatik sortua - eta Herriko Plazan garatuko ditu hainbat jarduera

deia.eus - Domingo, 9 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 19:16h.

BILBO. Antzerkiaren hiriburu bihurtuko da Barakaldo, Rataplan programaren barruan, Ratataplan izenaz. Hamar ikuskizun izango dira Herriko Plazan, lau jardunalditan, txiki zein nagusiek antzerkiaz goza daitezen hiriaren erdi-erdian.2018-2019ko Partaidetzazko Aurrekontuetatik sortu da jaialdia, herritarrek bozka gehien eman baitizkiote aurten ere familia-jarduerak antolatzeari. "Antzerkia da familia barakaldarrek gehien baloratzen duen jardueretako bat, eta beti izaten dute oso harrera ona era horretako ekimenek. Hori ikusita, txikiei bezala nagusiei ere gustatuko zaizkien kalitatezko ikuskizunez osatutako jaialdi berri bat egitea erabaki dugu", azaldu du Kultura zinegotzi Nerea Canterok.

Ikuskizunak doan dira, eta ordutegiak, hauek: 18:30ean, 19:30ean eta, ostiral-zapatuetan, baita 20:30ean ere.  Beraz, Euskadiko The Funes Troup konpainiak emango dio hasiera jaialdiari, 18:30ean, 'Aukerak' antzezlanarekin. 19:30ean, Malicia! konpainia balearra irtengo da kalera `El punto de la I' ikuskizunarekin.

Ostegunean, beste bi saio berri: Aimar &Cia talde euskaldunak 'Etxea' lana ekarriko du 18:30ean, eta 19:30ean, berriz, Extremadurako Albadulake konpainiak, `Las expertas'.

Hilaren 21ean, ostiralarekin, `Fuera de Stock', Aragoiko Edu Manazas konpainiaren obra, 18:30ean.  Handik ordubetera, Galiziako Psicore konpainiak hartuko du eszena-tokia 'Concierto singular' obra antzezteko. 20:30ean, `Hilak' kalejira ikusiko dugu, Tira ta Floja euskal konpainiaren eskutik, Herriko Plazatik Zaballa kalerako ibilbidean.

Irailaren 22an izango da Ratataplanen azken jardunaldia, eta hiru antzerki proposamen ekarriko dizkigu. 18:30ean, 'Operativi', Italiako Eccentrici Dadaró konpainiarena. 19:30ean, berriz, 'Babo Royal', Gaanso&Cia konpainiarena. Azkena, 20:30ean, 'Festamendua', Tio Teronen Semeak euskal konpainiarena.