Zirrikituetatik begira

Kalean irainduak?

Ana Urkiza - Lunes, 10 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

zer gertatzen zen galdezka hasi nintzenean, Hondarribikoa izan ezean, ez nuela ulertuko erantzun zidaten. Uzteko urei euren bidean. Ez sartzeko. Eta deseroso sentitu arren, isildu egin nintzen. Ulertu gabe jarraitzen dut, ordea. Hogei urte baino gehiago daramatza alardeen arteko desenkontruak. Urte mordo bat emakumeei herriko festetan parte hartzeko oztopoak jartzen. Gorrotoz betetako irainekin mespretxua adierazi eta beldurra sentiarazten. Gipuzkoako Foru Aldundiaren mezua ez zela berdinzalea salatu dute batzuek, emakumearen eskubideen alde agertu beharrean, bizikidetzaren aldekoa baino ez zelako izan Itxaso jaunaren gutunaren oinarria.

Bizikidetzaren ikuspuntua ez da txantxetakoa, ordea. Alarde mistoaren aurka erakusten den gorrotoa eta arbuioa beste edozein kolektibok jasoko balu, ez dut pentsatu nahi zein instantzietaraino helduko litzatekeen gaia eta erakunde publikoek zein nolako esku hartzea izango luketen. Alardearen kasuan, ordea, dena da baleko. Alarde mistoan parte hartzen duten emakumeei alarde horretan parte hartzea eragozten zaien bakoitzean, emakume guztioi urratzen zaigu gure plazan, gure herriko kaleetan, parte hartzeko eskubidea. Ezin dut sinetsi alarde mistoaren aurka ateratzen diren emakumeek berdintasunaren lorpenean aurrera egin nahi ez dutenik. “Berdintasuna bai baina alarde mistoa ez” aldarrikatzera hel daitezkeenik. Ez dut pentsatu nahi, alarde tradizionalean kantinera bezala parte hartzeak suposatzen duen ohorea galtzeko beldurragatik arbuiatzen dutenik alarde mistoa. Alarde mistoan parte hartzen duten emakumeek tradizionalean parte hartzen duten emakumeen parte hartze maila bera lortzen dutelako denik. Baina ez naiz Hondarribiarra eta ezin ezer ulertu. Hala ere, eta Hondarribikoa ez naizelako, eskatzen diet Hondarribiko udaletxeari, Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari emakumeok festetan parte hartzeko eskubidea bermatzeko egin beharrekoak egin ditzatela eta bitartekoak jar ditzatela, inoiz gehiago, emakumeak euren herriko festetan parte hartzeagatik irainduak izatea saihesteko. Zeren eta ez da Hondarribiarra izan behar, Hondarribiko emakumeek jaso dituzten irainak emakume guztionak sentitzeko.