irailak 14an, ostirala

Hiribilduko egoerari buruzko bilera antolatu da bigarren aldiz Bilbon

Agintaldia amaitu arte egin nahi diren proiektu zein ekimen garrantzitsuenen aurrerapena egingo da

Aburtok, Bilboko alkatea, hiribilduko egoerari buruzko bilera zuzenduko du ostiralean, irailak 14. Gobernu-taldeak bigarren urtez jarraian antolatu duen bilera bat da, eta, horrela, aurreko ekitaldian onetsitako eta martxan jarritako udal-araudiaren berritasunak bete dituzte.

Deia - Miércoles, 12 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 12:30h.

BILBO. Osoko bilkuran, udaleko sailek 2017. urtean garatu dituztenekintzarik nabarmenenak berriz azalduko ditu alkateak, bai eta 2018. urtean eta agintaldia amaitu arte egin nahi diren proiektu zein ekimen garrantzitsuenen aurrerapena egin ere. Guztira, gobernu-taldeak 40 ekintza berri baino gehiago zenbatu ditu, eta horietako batzuk aurreratuko dizkigu Bilboko errejidore gorenak.

Juan Mari Aburtoren iritziz, helburua da “hiriaren argazki handi bat egitea orain arte egin diren urrats guztiekin, eta auzo guztietara helarazi nahi dugun eta eraiki nahi dugun proiekzio handiko Bilbo moderno eta aktiboa erdiesteko abiarazi ditugun ekintza guztiak aztertzeko eta horien berri emateko”.

GOGOETA ETA EZTABAIDA

Osoko bilkura hori, halaber, hausnarketarako bilgune bat izango da, eta Alkatearen ustez, “egindako aurrerapenak azaldu ahal izango ditugu, bai eta aurkitutako ahulguneak ere, erronkei aurre egin ahal izateko. Alabaina, hori guztia talde politiko guztien laguntzarekin egin nahi dugu. Akordioen urtea da aurtengoa, eta jardunbide egoki hori zabaltzen jarraitu nahi dugu”.

Hauexek izango dira alkateak jorratuko dituen gaietako batzuk: jarduera ekonomikoa eta enplegua, Bilboren nazioarteko papera, auzoak modernizatzea eta obrak, hirigintza, kultura-ekintza, segurtasuna, gaztetzea eta unibertsitate-hiria, kalitate oneko zerbitzu publikoak, espazio berriak eta enpresak.

Saioa goizeko 09:30etan hasiko da, eta, lehenengo, aurkezpen nagusia egingo du alkateak. Ondoren, etenaldi baten ostean, eztabaidari ekingo diote. Horretarako, talde politiko guztiek parte hartuko dute, baina, gehienez ere, hamabost minutu izango ditu bakoitzak. Osoko bilkura amaitzeko, erantzuteko txanda izango du alkateak.

Hiribilduaren egoerari buruzko osoko bilkura, udal-araudi berriaren ildoei jarraikiz, urtean behin egiten da, eta beti izaten da irailaren 30a baino lehen. Gainera, ezin izango da udal-hauteskundeak antolatzen diren ekitaldian egin. Era berean, ezohiko bilkura honetan, gainerakoetan ez bezala, ez da erabakirik hartuko.