zerbitzu berritzailea

“Ekin Silver Economy” programak Getxoko zilarrezko ekonomiaren barne dauden enpresa-proiektu berriak bultzatu nahi ditu

Programa urriaren 17an abiaraziko da, 14:00etan

Deia - Miércoles, 12 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 14:17h.

Getxolan Getxoko Udaleko Sustapen Ekonomikorako Zerbitzuak eta Grupo Servicios Sociales Integrados delakoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute zerbitzu berritzaile bat jartzeko udalerriko ekintzaile eta enpresen esku. Grupo SSI taldeko SOCEM HUB Ekintzailetzako Arloak garatu du zerbitzua, eta Silver Economy edo zilarrezko ekonomian espezializatutako mentorizazio-programa bat antolatzean datza.

Getxoko biztanleen ia % 22k 65 urte baino gehiago du. Biztanleak zahartzearen ondorioz, aukera berriak sortu zaizkio ekintzailetzari, eta gizarte zein osasunaren alorrean negozio-ildo berriak garatu daitezke, bai eta adinekoen berariazko premiei arreta emateko alorrean ere. “Ekin Silver Economy” ekimenaren helburua esparru horretako enpresa-proiektu berriak bultzatzea da, lanpostuak sortzea errazteko eta, aldi berean, gizartean balio erantsia izateko, biztanle nagusienengan duen eraginagatik.

Programa

Programa urriaren 17an abiaraziko da, 14:00etan, eta “Go Social” aurkezpena eskainiko da Getxo Elkartegian (Ogoño 1, Areeta). Bertan, Grupo SSIko kideek Getxoko udalerriko enpresa eta ekintzaileekin partekatuko dituzte kooperatiba gisa egindako 30 urte baino gehiagoko ibilbidean erakundeak identifikatu dituen aukera berriak, eta programaren funtzionamenduaren berri emango die.

Lehenengo fasean, interesa duten enpresa eta ekintzaileek bi hilabetez buru-belarri egingo dute lan gero merkaturatuko diren gutxieneko proiektu bideragarriak sortzen. Horretarako, Grupo SSIko gizarte-ekintzailetzan eta kooperatiben ekintzailetzan adituak diren profesionalen talde baten laguntza izango dute. Bestalde, kooperatibei buruzko aholkularitza jasoko dute;izan ere, mota horretako ekintzailetza sustatu nahi da, kooperatiben enpresa-sistema hori Euskadin oso errotuta egon arren, beti ez baita oso ezaguna ekintzailetza-prozesuetan murgilduta dauden pertsonentzat (gizarte-ekonomia).

Aurreko fasea igarotzen duten proiektuekin, SSIk 12 hilabeteko mentorizazioa egingo du negozio-plana finkatzeko eta bizkortzeko, eta, ondoren, behin betiko kaleratzerako haien esku jarriko ditu, bai bere living lab (benetako proben eta esperimentazioaren bankua), bai profesionalen taldea.