Bi ekipo

Sestaoko udalak Udaltzaingoarekin konektatutako kamerak jarri ditu Kuetoko Gizarte Zentroko igogailuetan

Instalazioen aurkako akto bandalikoak aurreikusi eta zuzentzea da helburua

Sestaoko Udalak kamerak jarri ditu Kuetoko Gizarte Zentroko igogailuetan, instalazioen aurkako akto bandalikoak aurreikusi eta zuzentzeko.

Deia - Miércoles, 12 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 14:39h.

SESTAO. Ekipo biak Udaltzaingoaren komisariarekin konektatuta daude, eta zuzenean jasotzen dituzte irudiak. Horrela, Udaltzainek momentuan bertan ikusten dute igogailuen barruan gertatzen dena. Irudiak sistema informatiko batean geldituko dira gordeta zenbait egunez, gertaeraren bat edo delituren bat argitzeko erabili behar izango balira ere.  

2016an jarri ziren igogailu hauek, Juan Crisostomo Arriaga eta Marcos Grijalvo arteko aldapa handia igoten laguntzeko, eta uda honetara arte normaltasunez erabili izan dira. Joan den uztailean, egun gutxi tarteko, bi ekintza bandaliko izan ziren, eta horiek konpontzea 3.600 euro kostatu zaio herriari.

Igogailuen kanpoko aldean kamerak izan badira, baina Udaltzaingoak ezin izan du zehaztu nork edo nortzuek burutu dituzten ekintza horiek, eta horregatik erabaki da kabinen barruan kamerak jartzea, barruan gertatzen dena grabatu ahal izateko. Horrela, berriro halako gertaerarik izanez gero, Udalak espero du informazio gehiago izatea egile edo egileak nortzuk diren identifikatu ahal izateko.

Azkenik, Udalak herritarrei dei egiten die igogailuak eta arrapala mekanikoak zaindu eta errespetatzeko, inbertsio handia egin delako horiek jartzeko, eta ezinbesteko egitekoa dutelako irisgarritasuna hobetzeko. Beraz, ez dago arrazoirik horiek hausteko.