ANTZERKIA

Trapu zaharrak dantzan

‘Erlauntza’ antzezlana dakarte Kepa Errasti gidoilariak eta Mireia Gabilondo zuzendariak, Vaiven konpainiarekin elkarlanean. Gaur eta bihar gaztelaniazko bertsioa ikusteko aukera egongo da, Donostiako Antzoki Zaharrean

Ainhoa Lores - Jueves, 13 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 09:55h.

Zer gertatuko litzateke txikitako lagun batzuk, hogeita hamar urte pasata dituztenean, bildu eta elkarri sekula esan ez dizkiotenak esaten hasiko balira? Premisa horretatik abiatuta sortu zuen Kepa Errasti (Aretxabaleta, 1981) aktore eta gidoilariak Erlauntza izeneko antzezlan berria. “Nire adinaren bueltan dabilen jendeari zer gertatzen zaion kontatu nahi nuen”, azaldu du. 

“Euskal Herrian, herri txikietan batez ere, kuadrillak pisu handia dauka, kuadrilla bateko betiko lagunen arteko lotura emozionalek hor jarraitzen dute, baina denborarekin disolbatu bezala egiten dira”, uste du Errastik. Hori horrela, lagun-talde horien garrantzia taula gainean islatu nahi izan du Errastik: “txikitako lagun horiek betiko laguntzat jotzen ditugu askotan, nahiz eta adin batetik aurrera, beraiekin harreman berezirik ez izan”. Hortik datorkio, hain zuzen ere, Erlauntza izena obrari: “diotenez, animalien erreinuan erleak dira hobekien komunikatzen direnak eta erlauntza bereko erleak elkarrekin batzen dira beti. Metafora horregatik erabaki nuen izen hori jartzea”, kontatu du antzerkigileak. 

Istorioari  erreparatuta, denbora errealean gertatzen dela jakinarazi du Errastik, “ez dago elipsirik hasieratik bukaerara”. Oholtza gainean, landetxe bateko egongela handi bat ikusiko du publikoak, bertan sei emakume ari dira afalosteko parrandan, musika, alkohola, drogak… lagun dituztela. 

Aitziber Garmendia aktoreak hezurmamitzen duen Leireren ezkontza aurreko agurra ospatzen dabil lagun taldea. Bere betiko bikotearekin ezkontzera doa. “Zentzu metaforikoan, pertsonaietako batek metxa piztuko du eta, azkenean, denak ezkutuan daramatzaten sekretu horiek azaleratzen hasiko dira. Sara Cozar aktorea Garaziren azalean jarriko da, betidanik ama perfektua izan nahi izan du eta kuadrillako ardi belztzat du bere burua, desberdina izateagatik lagun-talde horretatik kanpo sentitu izan da beti. Leire Ruiz aktorea, bere aldetik, Irati izango da. Hamabost urte eman ditu Argentinan eta, ustez, Euskal Herrian geratzeko asmoarekin bueltatu da. Gainontzeko lagunek ez dakiten sekretu handi bat dakar Iratik. Nerea da Getari Etxegaraik an-tzeztuko duen pertsonaia, hiru seme-alabaren ama eta izaera handiko emakumea. Itziar Atienza Maialen izango da, minbizia pasatu berri duen neska. Azkenik, Naiara Arnedo Amaiaren azalean jarriko da, beti pozik dagoen neska da, jendeari gauzak aurpegira esatea gustuko du eta baita lasai hitz egitea ere.

Emakumeak protagonista Mutila izanda, emakumeen arteko harremanez hitz egitea aukeratu du Errastik, oso modu naturalean, gainera. “Nire inguruan ditudan lagun gehienak neskak dira eta hautua horregatik egin dut, batez ere. Horrez gain, iruditzen zait emakumeen kuadrilla batean hitz egiten diren gaiak gizonezkoen artean ez direla hitz egiten, edo beste modu batera hitz egiten direla”, aitortu du antzerkigileak. 

Gainera, obra honetan emakumeak normalean ikusten ez ditugun rol batzuk betetzen ikusten dira. Errastik emakumeak soilik protagonista izango zituen obra bat sortu nahi zuen eta modu naturalean egin bazuen ere, gogoetarako aukera ere eman dio: “Desfase handia dago denbora osoan;sei emakume desfasean eta gauzak elkarri leporatzen ikusi ahal izatea ez da ohikoa”.

Testua Kepa Errastik berak idatzi duen arren, obran parte hartu duten sei aktoreek testuaren sorkuntzan “eskua sartu” dutela onartu du. Bere ustez, “horrek entsegu garaian gidoia bizirik dagoela adierazten du”. Errastik gustuko du hori, “pertsonaiek hainbeste indar daukatenean, are gehiago. Izan ere, pertsonaietan oinarritutako istorio bat da Erlaun-tza, azken finean, eta antzezpena aktore batek egingo du, aktore horrek emango diona ezin izango diot nik idazle bezala eman”. Gidoilari eta aktore talde honekin batera, Mireia Gabilondo aritu da zuzendari lanak egiten. Fernando Bernues, berriz, antzezlanaren eszenografiaz arduratu da.

Komedia garratza Erlauntza komedia garratza da. “Oso obra eroa da, baina era berean garraztasun pixka bat eta drama puntu bat ere baditu, eta horrekin jendea oso identifikatuta sentitu da”, dio Errastik. Egilearen ustez, “komedia baten alde interesgarriena muga horretan ibiltzea da”, hau da, barrea eragitea, baina era berean jendea ohartzea bertan esaten ari dena egia dela. “Jende asko hunkitu da obra ikustean”, gehitu du gidoilariak. 

Antzezlanaren euskarazko bertsioa uztailean aurkeztu zuten Donostiako Victoria Eugenia antzokian eta lan-taldea pozik geratu zen izandako harrera ikusita. Erlauntza-ren gaztelaniazko bertsioa (El Enjambre) han  eta hemen erakusten arituko dira orain, Donostiako Antzoki Zaharrean, Gasteizko Antzoki Zaharrean eta Bilboko Arriagan. Gaur eta bihar Donostian izango da hitzordua, azaroaren 15ean eta 16an Gasteizen izango dira eta urtarrilaren 15ean eta 16an, Bilbon.