“Irudimen eta pasio gehiago behar ditugu etorkizunari begira”

Kulturaren egoera eta etorkizuneko erronkak mintzagai izan zituzten atzo, Deustun, Azkaratek eta Lazkanok

Josu González - Jueves, 19 de Abril de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Donostia. Udako giroan ekin zioten atzo Jesus Mari Lazkanok (Bergara, 1960) eta Miren Azkaratek (Donostia, 1955) Deusto Unibertsitateko DeustoForumek antolatutako Begiradak zikloaren azkeneko jardunaldiari, elurteak bertan behera utzi baitzuen joan den otsailean.

Kokapenak ere izan zuen zeresanik. Izan ere, Deusto Forum ekimenaren aurreko emanaldiak Donostiako campuseko Loiola Centrum aretoan ospatu badira ere, honakoa Tokiski aretoan egin zen. Edukiera txikiagoa du azken espazio horrek, eta hori ere egungo kulturak bizi duen egoeraren erakusgarri izan zen. Jesus Mari Lazkanok aipatu zuen moduan, "harro gaude gure kulturaz, baina kontzertu, antzerki edo erakusketa batera ez da horrenbeste jende azaltzen".

Kultura, gazteak, etorkizuna eta mundu globalizatua izan ziren aipatutako gai nagusiak. Felix Arrietak politologo eta irakasleak koordinatu eta gainbegiratu zuen saioa, ohi bezala. Hasteko eta kokatzeko, kultura hitzak zer esan nahi duen galdetu zuen Arrietak eta erantzunak bestelakoak eta originalak izan ziren.

Azkaraterentzat, esate baterako, kultura komunitatean antolatzeko modu bat da: "Edozein esparru sartzen da bertan, enpresa, hezkun-tza, gastronomia, etabar".

Lazkanok, berriz, kulturari buruzko definizio bat ematea zaila dela esan zuen, margolari izanik, "berak barrutik ikusten baititu". Ondoren, kulturak mundua uler-tzen laguntzen digun elementu bat dela aipatu zuen. Berarentzat hiru ezaugarri nagusi ditu kulturak: batetik, integrazioa, gizartean integratuta dagoen heinean;bigarrenik, prozesu baten parte bat da, eraldatzen dena;eta azkenik, esperientzia nabarmendu zuen, bizi ditugun esperientziez osatuta dagoelako. Baina zer da esperien-tzia Lazkanorentzat? "Igeldora igo eta itsasoa begiratzean, burura etortzen diren abeslari, margolari, filosofo, kolore, usain, edota gau batean itsasoari begira neska harekin bizi izandakoek, horiek guztiek osatzen dute esperientzia. Eta hau, kulturaren zati aldaezina da. Bakoitzari Igeldoko itsasoa begiratzean burura etortzen zaizkion pentsamenduek osatzen dute esperientzia".

Globalizazioa Gazteak eta kultura ere hizpide izan ziren. Azkarateren ustez, globalizazioak eta Internetek aldatu egin dute gazteek kultura kon-tsumitzen eta sortzen duten modua: "Niri betidanik gustatu izan zait bertsolaritza eta txikitatik jarraitu dut. Gogoratzen dut 60. hamarkadan egiten zen bertsolaritza oso desberdina dela gaurkoarekin alderatuta. Lehen gaiak baserriarekin eta landa munduarekin lotuta zeuden. Bertsoen mundua gizonezkoena zen, %95 gizonak ziren eta gehiengoak ez zuen unibertsitate titulurik. Gaurkoan, ordea, gauzak oso desberdinak dira. Txapelduna emakume bat da, BECera joaten diren entzuleak unibertsitarioak dira eta bertsolariek lantzen dituzten gaiak askoz ere zabalagoak dira. Hau ikusita, mundu globalizatu eta aldakor batean gaudela esan dezakegu".

Lazkanorentzat, aldiz, globalizazioaren ondorioz, gazteak hemen egiten denaren erreferentzia galtzen ari dira, eta hori aldatu egin behar dela azpimarratu zuen. "Gazteek ilusioa eta gauza berriak egiteko grina izan behar dute eta haiek dira guri erreleboa eman behar digutenak", gaineratu zuen. Denboraren balioa aldatu dela ere azaldu zuen bergararrak: "Denborak bere esanahia galdu egin du eta gazteek unean-unean nahi dituzte emaitzak".

Bestalde, erakusketetara, antzokietara edo musika emanaldietara ez dela jende asko hurbiltzen esan zuen Lazkanok: "Harro gaude gure kulturaz, baina ez dugu ia ezer egiten hura hobetzeko". Izan ere, "euskal kulturaren maila eta kalitatea oso altua" dela komentatu zuten, eta errealitate honi behar duen lekua eman behar zaiola ondorioztatu zuten.

Euskararen bidegurutzea Euskararen egoera ere mintzagai izan zuten. Miren Azkarateren aburuz, "bidegurutze" batean gaude. "Alde batetik, inoiz baino gehiago erabiltzen da euskara erakundeetan, baina kalean beste kontu bat da. Gaur, 2008an baino euskara gutxiago entzuten da, eta hau, herritarren erantzukizuna da, herritarrok ez badugu euskaraz hitz egiten galdu egingo baita. Hizkuntza identitatearen parte garrantzitsua da eta badirudi gazteentzat ez dela erakargarria. Eskolan egiten duten zerbait da, eta hemendik atera eta gero beste hizkuntza batean aritzen dira", esan zuen.

Kulturaren etorkizunari dagokionez, Lazkanorentzat badira bi elementu etorkizuna aldatzeko gaitasuna izan dezaketenak: "Irudimenari gehiago eman eta pasioa jartzea ezinbesteko dira". Azkaratek, bere aldetik, "gure sustraiak non dauden jakin eta hauekin zerbait berria egitea izango da etorkizunaren erronka".