arratsaldeko 20:00etan

An und aus komedia eskainiko da Arriagan asteazken honetan

Roland Schimmelpfennig, Alemaniako dramaturgo ospetsuenetakoa, Mannheim-eko Antzoki Nazionalaren ekoizpen honen egilea, eta Burkhard C. Kosminskik zuzendaria

Antzerki dibertigarriena eta surrealistena Arriaga antzokira itzuliko da, eta oraingoan Alemaniatik dator, herrialde hartako errespetatuenetakoa eta arrakastatsuenetakoa den Roland Schimmelpfennig dramaturgoaren eskutik. Berak idatzitakoa da euskarara “Piztuta eta itzalita” itzuliko genukeen An und aus antzezlana, portu bateko hotel batean gertatzen den eta ezer dirudiena ez den moduko istorioa.

deia.eus - Lunes, 16 de Abril de 2018 - Actualizado a las 14:41h.

BILBO. Arriaga Antzokiak An und aus antzezlanaren emanaldi bakarra jasoko du asteazkenean, apirilaren 18an, 20:00etan, eta alemanezko jatorrizko bertsioan ikusi ahalko da, euskarazko eta gaztelaniazko gain-tituluekin. Sorpresak bermatuta daude Schimmelpfennig-en lan honetan. Egile berak egindakoa da, beste batzuen artean, Der goldene Drache (Urrezko herensugea) ezaguna, ziurrenez azken hamarkadako Alemaniako antzezlan arrakastatsuena, hizkuntza askotara itzulitakoa eta hainbat herrialdetan aurkeztutakoa.

An und aus antzezlanak, zortzi antzezlez osatutako talde azkarra eta moldakorra du: Sven Prietz, Anne-Marie Lux, Katharina Hauter, Stefan Reck, Ragna Pitoll, Fabian Raabe, Hannah Müller eta Reinhard Mahlberg. Guztiek izan dute herrialde hartako eszenaren munduan erreferentea den Burkhard C. Kosminski alemanaren, Mannheim-eko Antzoki Nazionaleko zuzendari artistikoaren, zuzendaritzapean aritzeko zortea. Izan ere, An und aus antzezlana aipatutako Nationaltheater Mannheim izenekoaren ekoizpen lana da. Dena den, eta bitxia bada ere, estreinaldia Japonian izan zen 2013an, Tokioko Antzoki Nazional Berriaren aginduz egin baitzen.

Sinopsia

Portuko hotel txiki batean hiru bikote biltzen dira astelehenero: Z. andrea eta A. jauna, A. andrea eta Y. jauna, eta Y. andrea eta Z. jauna. Elkar engainatzen dute, jakin gabe ondoko ohean daudela beren senarrak eta beren emazteak, haiek ere beste batzuekin. Betaurrekodun gizon gazteak, hotelean lan egiten duenak, ostatuko bezero guztiak ezagutzen ditu, bai eta beren bilera sekretuak ere.

Berak ere parte hartzen du maitasunaren jokoan. Supituki, distira txiki bat, haserre une bat, zerbait ez doa ondo. Bat-batean, Z. andreak bi buru ditu, eta A. jaunari ahoa falta zaio. Y. jaunaren bihotza sutan dago, eta andrearena harri bihurtu da. Neskato bat bizikletan dabil gauez, mutikoaren bila. Hotel honetan eta haren kanpoaldean gertatzen dena imajinario surrealista baten batura da. Ezerk ez du irauten den bezala.