10. edizioa

EDP Bilbao Night Marathon Lasterketa dator Bilbora urriaren 20an

Deia - Miércoles, 10 de Octubre de 2018 - Actualizado a las 13:50h.

Gaur goizean aurkeztu da EDP Bilbao Night Marathon lasterketaren hamargarren edizioa. Kirol herrikoi ospetsuaren nazioarteko erreferentzia da, eta, bi aste barru 12.000 korrikalari baino gehiago bilduko dira bertan. Estatuko egutegian dagoen 42,195 kilometroko gaueko proba bakarra da. Bosgarren urtez jarraian, Bizkaian antolatuko den lasterketarik handiena da, bai eta Euskadiko unibertsalena ere;izan ere, 54 herrialdetatik datozen parte-hartzaileak bilduko dira, eta atzerriko 1.500 korrikalari inguru. Era berean, beste probintzia batzuetatik etorriko diren atleten kopurua % 42 da aurten.

Emakume korrikalariak, halaber, gero eta protagonismo handiagoa lortzen ari dira hiri anfitrioiaren kaleetan;izan ere, parte-hartzaileen % 32 inguru emakumeak izango dira, ia 4.000 korrikalari. Horietatik, 1.000 baino gehiagoren hautua maratoi erdia izan da (21,097 km;gogoan izan programaren barruan hirugarren distantzia bat ere badagoela: 10 km). Antolakuntza oso harro dago kopuruekin, baina, horrez gain, buru-belarri lan egiten ari dira emakumeen kopurua %50era hel dadin. Hain zuzen ere, ahalik eta arinen lortu ahal izatea espero dute.

Hamargarren edizioaren berritasun handienetako bat da irteera-ordua 19:00etara aurreratu dutela (aurreko edizioetan 20:30ean hasten zen lasterketa). Neurri horri esker, korrikalariek euskal gastronomiaz gozatu ahal izango dute proba amaitzen dutenean, eta, horrez gain, Bilboko gau berezi eta berri batez gozatu ahal izango dute zapatilarik gabe.

Ohi bezala, irteera ikusgarri bat egingo da San Mameseko futbol-estadioaren alboan. Bertan, korrikalariak nahiz ikusleak animatzeko orkestra bat duen agertokia, su artifizialak eta su zurrustak izango ditugu 18:00etatik aurrera. Helmuga ez da atzean geratuko;izan ere, testuinguru paregabe batean egongo da, Guggenheim museoko zabaldegian. Bilboko ikono handi bat da eta parte-hartzaileei burutik kenduko ez zaien irudi bat ere bai.

Besteak beste, Chema Martínezek gozatuko du esperientziaz (kirola, turismoa, gastronomia, zentzumenezko bizipena). Gure garaiko Espainiako atletarik onenetako bat da (hiru domina irabazi ditu jarraian Europako 2002., 2006. eta 2010. urteetako jokoetan), eta, gainera, lasterketa sortzen aktiboki parte hartu zutenetako bat ere bada. EDP Bilbao Night Marathon lasterketaren logoko silueta, adibidez, Madrilgo korrikalariarena da. Chemak ez du ekitaldian parte hartuko duten 12.000 korrikalariei aholkuak emateko aukera galdu nahi izan, eta hauxe gogoratu die: “Norberaren egoera fisikoarekin bat datorren helburu bat ezarri behar da, hidratatu, erritmoari eutsi, zirkuitua berrikusi, aurretik probatu dituzuen arropak eta zapatilak erabili... Hau da, lasterketa txundigarri honen kilometro guztiez gozatu!”

Egoerak agintzen duen bezala, EDP Bilbao Night Marathon ekimenaren urteurrenerako kamiseta egokia diseinatu du Mizunok, eta hiriaren koloreak erabili ditu: gorria eta zuria. Milaka korrikalarientzako oroigarririk handienetako bat izango da, ez dago zalantzarik. Emakumeek gorputzera egokitu den kamiseta jasoko dute, eta gizonek, ordea, ebaketa zuzenekoa. Mahuka laburrekoak izango dira biak.

Korrikalarien azokako ateak urriaren 19an, ostirala, irekiko dira, 12:00etatik 20:30era, eta, larunbatean, hilak 20, aldiz, 10:00etatik 19:00etara egongo dira irekita. Bilboko Euskalduna Jauregian egongo da ikusgai.

Amaitzeko, lasterketa ikustera joan ezin dutenek, zuzenean ikusi ahal izango dute Telebilbao katean edo, bestela, streaming bidez lasterketaren Facebook eta webgunean.